Top Euskara + Euskaragileak jardunaldiaren parte izan da ALEA

Erredakzioa 2019ko aza. 18a, 14:41

Top Euskara + Euskaragileak jardunaldiaren partehartzaileak. / Argazkia: BaiEuskarari.eus

Azaroaren 13an, Gasteizko EGA Master enpresan egin zen jardunaldia, "enpresen praktika onak ezagutzea eta beste enpresa batzuetan txertatzea" helburu. Arabako ALEA ere bertan izan zen beste eragile eta enpresekin batera.

SEA - Arabako Enpresariak elkarteak antolatu zuen, Bai Euskarari Elkartearen laguntzarekin, Arabako Foru Aldundiak babesten duen Lanabes - Araban Euskara Lanean egitasmoaren barruan.

EGA Masterreko zuzendari Aner Garmendiaren hitzaldiaz gain, Oiher Arantzeta Fagor Automationeko Euskara koordinatzaile ohiaren azalpena ere entzun ahal izan zuten partehartzaileek.

Lexuri Ugarte -Arabako Foru Aldundiko Euskera eta Gobernu Irekiaren zuzendaria-, Aitor Otaola -SEAko zuzendari albokoa-, Rober Gutierrez -Bai Euskarari Elkarteko zuzendaria- eta beste zenbait enpresa eta erakundetako ordezkariak ere bertan izan ziren, besteak beste: Tasfor Proyecta, Uriarte Industrial, BIC Araba, Arabako ALEA, Laneki Elkartea, Emun, Arabako Foru Aldundiko Ekonomia Garapena eta Euromex.

Top Euskara + Euskaragileak jardunaldiaren helburua "enpresa baten praktika onak ezagutzea eta praktika horiek beste enpresa batzuetan txertatzea" dela azaldu dute antolatzaileek. Izan ere, gainerako enpresek euskararen arloan EGA Masterren eta Fagor Automationen egin dutenaren inguruko informazioa jaso zuten lehen eskutik.

Guztien arteko mahai-ingurua egin zen eta, amaieran, EGA Master lantegia barrutik ezagutzeko aukera izan zuten parte-hartzaileek.

"Talentua aurkitzeko unean euskara darabilten enpresak erakargarriagoak" izango direla azpimarratu du Aner Garmendiak, jardunaldiaren balorazioa egiterakoan.

 

EGA Master esperientzia

"Prozesuetan segurtasuna eta efizientzia behar duten industriak" dira EGA Masterren bezero, eta erremintak mundu osoan saltzen ditu, %90a Espainiatik kanpo.

Bai Euskarari Ziurtagiriaren Bidean maila du EGA Masterrek, eta "euskararen aldeko urratsak" egiten ari dira Gasteizko lantegian. Aner Garmendiak jardunaldian esan zuen bezala, "euskararen aldeko jarrera ez da merkatuak eskatu" dien zerbait, baizik eta "euskara maite" dutelako eta "euskaraz ikasketak egin dituen horri lanean ere euskaraz bizitzeko aukera emateagatik" egin nahi duten zerbait.

EGA Master barruan, "ahal den guztietan", euskara idatziz zein ahoz darabiltela azaldu zuen Garmendiak, baita harreman komertzialetan ere. Horrez gain, erreminten inguruko terminologia hiztegia eginda dute Elhuyarrekin batera.

 

Fagor Automationeko erronka

Fagor Automationen urteak daramatzate Euskara Plana garatzen. Oiher Arantzeta izan da bertako Euskara koordinatzailea 2019ko hasierara arte eta eman dituzten pausoen inguruan hitz egin zuen jardunaldian.

1999an hasi ziren euskararen aldeko urratsak ematen lantegian eta 2001. urtetik aurrera Euskara Plana darabilte. Orain, esku artean "anbizio handiko erronka" dutela azaldu zuten: "2024rako hala nahi duen edozeinek euskara egin ahal izatea edozein bileratan", azaldu zuen Arantzetak.

Horretarako zenbait urrats ematen ari direla azaldu zuen:

  • Lanpostu estrategikoetan (zuzendari postuetan, adibidez), euskara ikasteko eskaintza pertsonalizatuak.
  • Euskara ikasteko eskolak lan orduetan.
  • TELP formazioa euskara dakitenentzako.

Gaur egun, langileen %83ak ulertzen du euskaraz Fagor Automationen, baina etorkizunean %100era iristea dute helburu.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago