Arazoak sortzen ari da elurra Arabako hainbat mendatetan

Erredakzioa 2019ko aza. 15a, 11:30

Elurtearen ondorioz, ostiral goizean, Herrera eta Urduña itxita daude kamioietarako eta artikulatutako ibilgailuetarako.

Elur-denboraleagatik, Arabako mendate eta errepide batzuk itxita daude honezkero gure lurraldean; gainera, beharrezkoa da kateak erabiltzea beste zenbaitetan, eta Eusko Jaurlaritzak zein Arabako Foru Aldundiak arretaz gidatzeko eskatu dute bigarren mailako errepide guztietan.

Hain zuzen ere, ostiral goizean, Herrerako eta Urduñako mendateak itxita daude, kamioietarako eta artikulatutako ibilgailuetarako; Herreran eta Urduñan, horrez gain, autoek kateak behar dituzte. Halaber, ondorengo mendateetan arretaz gidatu behar da: Azazeta, Bernedo, La Tejera, Krutzeta, Opakua eta Zaldiaran.

Kontuan izanik denboralea hurrengo orduetan ere luzatuko dela, autoa hartu baino lehen komeni da Arabako Foru Aldundiaren errepideen egoerari buruzko webgunea kontsultatzea. Informazio gehiago trafikoa.eus webgunean ere, eta 011 trafikoaren informazio telefonoan (24 orduz).

Luzatu dute alerta horia

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak barnealdean elurragatik ezarritako abisu horia larunbatera arte luzatzea erabaki du, Euskalmetek egindako iragarpena kontuan hartuta. Ostiralean, elur-kota 700-900 metro inguruan egongo da, noizbehinka beherago, bereziki prezipitazioaren intentsitatea handia den zonaldeetan.

Larunbatean, berriz, elurra 600-800 metro inguruan egin dezake, eta baliteke hortik behera ere egitea tarteka, batez ere prezipitazio handiak diren lekuetan. Eguerditik aurrera, elur-kota igotzen joango da, eta 1.000 metrotik gora kokatuko da azken orduetan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide