Foru aldundiak 518,3 milioi euroko aurrekontua aurkeztu du 2020rako

Erredakzioa 2019ko aza. 14a, 14:14

Ramiro Gonzalez eta Itziar Gonzalo aurrekontuaren aurkezpenean. / Argazkia: Alea

Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiak eta Itziar Gonzalo Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Saileko foru diputatuak gaur goizean azaldu dituzte aurrekontuaren nondik norakoak. EH Bildu kezkatuta agertu da, besteak beste, "ia inbertsio guztiak Gasteizen" egiten direlako.

Aurkezpenean azaldu duten bezala, 4,8 milioi euro inbertituko dira tranbia hedatzeko, 9 milioi BEI eta haren gordelekuetan, 18,6 milioi Saratxoko errepiderako, 8,2 milioi Auditorioan eta 7 milioi Mendizorrotza eraberritzeko. Bost egitasmo horiek legealdi honetako "etorkizuneko Arabarako proiektu izarretako batzuk" direla adierazi du Gonzalezek.

Aurrekontu proiektuak 231,5 milioi euroko erreserba egiten du inbertsioetarako. Zehazki, 103 milioi eurora iritsiko dira 2020rako inbertsioak. Zenbateko horri beste 128,5 milioi gehitu behar zaizkio, legealdi guztirako konpromiso kredituen bidez jasota geratuko direnak.

Kohesio sozialerako apustuari dagokionez, gizarte politikan 250 milioi euro baino gehiago erabiltzeko asmoa dutela azaldu du Gonzalezek: "Batez beste 765 euro zuzenduko ditugu Arabako biztanle bakoitzeko".

Kohesio soziala eta toki finantziazioa

Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak 216 milioiko aurrekontua izango du, besteak beste, mendekotasuna duten adinekoengan arreta hobetzeko (84 milioi euro), desgaituei arreta eskaintzeko (35,8 milioi euro) edota zaintzaileentzako (561.000 euro) zein adingabeen eta familiarako (25,5 milioi) partiden erreserba egiteko.

Kultura, gazteria, euskara edo berdintasunari buruzko kontzientziazio politikak ere kohesio sozialari begirako elementuak direla azpimarratu du ahaldun nagusi Ramiro Gonzalezek.

Bestalde, 2020rako %2,76 haziko da toki finantziazioa eta, guztira, 275,6 milioi gorde dira Arabako kuadrillentzat, udalentzat eta kontzejuentzat. "Arabako toki erakundeentzat inoizko finantziaziorik handiena" dela ziurtatu du Gonzalezek.

Azkenik, diputatu nagusiak nabarmendu du inbertsioak eta politika publikoak "zorrak egin gabe" burutuko direla eta "murriztu ere" egingo dituztela. "Zalantzarik gabe, premiazko ahalegina izan da lurralde eragile izan nahi badugu etorkizunean", bukatu du Gonzalezek.

EH Bildu kezkatuta

“Aurrekontu sozial eta inbertitzaile" baten aurrean gaudela azaldu dute Arabako Foru Aldundiko arduradunek.

Hala ere, EH Bilduko Kike Fernandez de Pinedo kezkatuta agertu da "ia inbertsio guztiak Gasteizen" egiten direlako, "lurraldeen arteko desoreka areagotuz". Izan ere, Fernandez de Pinedoren arabera, "herrien despopulazioari aurre egiteko, aurrekontuaren %0,2a baino ez" da erabili.

Inbertsioetan "zazpi proiektu baino ez" dituela aipatu eta "horietako sei Gasteizen" direla leporatu dio Fernandez de Pinedok Ramiro Gonzalezi. Eta gizarte politikei buruz egindako azalpenean, proiekturik ez zehaztea kritikatu dute.

Gainera, kritikatu du Foru Gobernuak ez duela kontuan izan EH Bilduko batzarkide taldea. "Proiektua mahai gainean dugunean, iritzia zehaztuko dugu", adierazi du taldeak.

Gasteizko Gizarte Politiken Saileko aurrekontua

Honekin batera, Gasteizko Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak bere sailaren 2020rako aurrekontu-proiektua ere aurkeztu du gaur goizean.

"Inoizko kontu sozialenak" direla esan du zinegotziak. Izan ere, 42,6 milioi euro bideratuko dira horretara, indarreko aurrekontuan baino %2,8 gehiago, eta udal aurrekontu osoaren %11a hartuko du.

Besteak beste, Gizarte Politiken Sailak 12,2 milioi euro jarriko ditu Etxean Laguntzeko Zerbitzua emateko, hau da, sailaren aurrekontuaren %29a. Zuzkidura 1,3 milioi euro handitu da.

Gainera, aurrekontu-proiektuak San Martingo adinekoentzako zentroa irekitzeko eta gainerako zentroen kudeaketan hobekuntzak egiteko 3.097.986 euro bideratu ditu. Eta Berpizkundearen plazako eguneko zentroa irekitzeko 146.000 euroko partida sortu da.

Haurrei eta familiei bideratutako partidak ere kontuan hartu ditu aurrekontuak, besteak beste, Bidatu eta Egokitzenprogrametarako, gurasoen aurkako indarkeriaren kasuetan esku hartzeko, erresilientzia programarako, sexu-abusuen kasuak balioesteko programarako edota Haur eta Nerabeentzako Tokiko Planerako.

Bestalde, aurrekontu berrien arabera, 2 milioi eurotik gora baliatuko dira elikagaiak erosteko, gaur egun baino 341.072 euro gehiago. Honen helburua etxeetan, adinekoentzako zentroetako jantokietan eta eguneko arretako zerbitzuetan ematen diren otorduen kopurua handitzea dela azaldu du Armentiak.

Babesgabetuen jantoki sozialak ere diru gehiago jasoko du, ia 30.000 euro gehiago, guztira 300.000 euroko aurrekontua izanik.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago