Milaka sentimendu euriari, haizeari eta kazkabarrari aurre eginez

Ibon Gorrisi 2019ko aza. 11a, 12:52
Ohi bezala, giro ederra izan dute lasterketan. DONOSTIA-BEHOBIA

Eguraldi eskasa izanda ere, milaka lagun batu dira kirolaren festara

Behobia-Donostia lasterketak xarma berezia du. Sentimenduz beteriko eguna izaten baita. Goizean goiz, alde guztietatik lasterkariak ikusten dira, leku guztietatik etorriak. Eguraldiak ez du batere lagundu. Tarteka euria, haizea, kazkabarra eta zenbait unetan eguzkia. Bakar bakarrik elurra falta izan zaigu. Beno, guk arabarrok bai ikusi dugula. Izan ere, Agurain eta Araia herriak zeharkatu ditugunean elurra ari zuen eta den-dena zuria zegoen.

Donostiara sartzen ari garen unean ekaitz izugarria. Urduritasunari eguraldiaren beldurra gehitu zaio. Ia-ia ez dugu hitzik egin gure artean baina denon buruan lasterketa bertan behera uztearen pentsamendua kolpeka ari da. Amara auzoko tren geltokian gaude. Titietan tiritak jarri, baselina zenbait lekuetan eman, kamisetak jantzi gerora botatzeko, bisera bururako, plastikozko petoa eurirako. Aurten, egia esanda, jende gutxiago elkartu gara hamarrak inguruan trena hartzeko. Orain poztasuna zabaldu da guztion artean eguraldiak nabarmen hobera egin duelako.

Ordu bateko bidaia Behobiara joateko. Tarte horretan elkarrizketa animoak emateko izaten dira. Batek bost aldiz egin omen ditu, beste batek estreinaldia izango du, denok kirioak dantzan ditugu. Sabelean nerbioak alde batetik bestera mugitzen dira. Ficobara ailegatu dira lasterkariak handik eta hemendik. Oraingo honetan autobusez joan beharrean oinez joan gara irteerara. Izan ere, azken urteetan irteera puntua ia-ia Irunen dago. Ez du euririk egiten. Ze ondo! Irteera puntuan telefono mugikorrak dantzan argazkiak ateratzeko. Korrikalariak saltoka, Euskadi Irratiko esatariak musikarekin bat eginez animoak ematen. "Ai Margarita, ai margarita", bost, lau, hiru, bi eta bat korrika egitera. Hasi bezain pronto euria, halere, errepidean bi alboetan jendearen babes, oihu eta txaloak. Irun ia-ia zeharkatuta hor etxeko balkoian Eibarreko zaleak musika jotzen animoak emateko. Orain Bentak, lehen zatia aldapa gora, hirurehun metro eta gero jaitsiera.

Gaintxurizketa igoera aurrez aurre. Pausu txikiak emanez pixkanaka gora. Hasieran desnibela ez da oso gogorra, baina gora joan ahala gogortzen da. Gezurra badirudi ere, tris-tras batean zortzi kilometro egin ditugu. Handik gutxira, nola ez, urteroko "pirata" errepidean. Pirata bandera eta ikurrina aireratuz, rock musika topera jarrita korrikalariak etengabe animatuz. Batzuek geldiunea egiten dute berarekin argazkiak egiteko. Hau dela bestea dela, lasterketaren erdian gaude, Lintzirin merkatalgunean. Orain kilometroak gehitu beharrean kontaketa atzeraka egingo dugu.

Errenterian sartu gara. Zer-nolako giroa! Ikusgarria, ikaragarria, zoragarria. Milaka eta milaka zaleen animoak, bultzadak, "eutsi goiari", "egina duzue"… Ia-ia Tourreko mendiko etapa ematen du. Korrikalariok oso hurbil sentitzen ditugu jendearen animoak. 

Kaputxinos, Pasaia, Herrera eta hor Mirakruz gaina. Bukaera, bukaera, gero eta gutxiago falta da. Hiru kilometro besterik ez. Aldapa ez da luzea baina bai oso gogorra. Hemen jende askok oinez egiten du igoera. Nekea nabaritzen hasia da. Halere, indarrak nonbaitetik ateratzen dira azken kilometroei aurre egiteko. Behera hasi bezain pronto "bypass-a" izango dugu eta, egia esanda, ia-ia ez dugu nabaritu desbideratu egin gaituztela. Bi kilometro besterik ez. Zurriola hiribidetik sartu eta jendetza ikaragarria. Euritan blai, baina pozez beterik. Egina dago. Kursaal zubia eta Bulebarrean sartzerakoan gozamena. Musika, animoak eta giro ezin hobea. Helmugan, poztasun malkoak, besarkadak, sentimenduz beteriko unea baita.

Behobia-Donostia lasterketa: sentimenduen festa maitasunez antolatua.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide