'Angelus', Diaz de Olanoren margolana

Ehun eta hogei urte joan dira Ignacio Diaz de Olanok margolan hunkigarria pintatu zuenetik.

Irakurri berri dut Ignacio Diaz de Olano gasteiztarrak 1899an pintatu zuen Angelusaren otoitza soroan margolana Arte Ederretako Museora bueltatu dela, Foru Aldundiaren Zaharberritze Zerbitzuak koadroak azalean zituen pitzadurak konpondu ondoren. Margolan ederra, gizona zein emakumea bere baitan bildurik otoitz egiten, idien lasaitasuna eta mantsotasuna, lautadaren paisaia atzeko aldean. Bikaina eta hunkigarria.

Kanpotik datorrenari harridura sortzen dio Arabako paisaiak: baserri gutxi batzuk eliza galant baten inguruan osatzen duten herrixkak, han eta hemen soroen artean sakabanatuak; agerian batzuk, muinoen artean ezkutatuak, besteak.

Pintoreak margolana pintatu zuen garaian asko ziren apaiza zuten herri txikiak; eta herri txikietan elizaren eragina nabaria zen baserritarren eguneroko bizitzan, koadroan agerian azaltzen denez. Elizak finkatzen zuen egutegia, iganderoko meza zen herrietako auzotarrak biltzeko abagunea eta apaizak bere sermoitxoa azaltzeko aukera. Gizartea fededuna zen, eta herri txikietako bizilagunak apaizaren kontrolpean bizi ziren. Ez da gaurko egoera ordukoa. Itzela izan da sekularizazioaren prozesua, pare bat belaunaldi nahikoak izan baitira gizarte erlijiosoa izatetik gizarte laikoa izatera igarotzeko. Hona hemen, bada, margolanak iradokitzen didan lehenengo gogoeta.

Idietatik traktorera nekazaritzak egin duen aldaketa da bigarren gogoeta. XIX. mendearen bukaeran, erdi autarkikoa zen etxaldea; seme-alaba askoko familiak, idiez goldatzeko lur eremu murriztua, ozta-ozta bizirauteko baserriak ematen zuen ekoizpena, izerdi eta lan gogor asko, gozatzeko egokiera gutxi. Etorriko ziren gero, XX. mendeko azken laurdenaren urteak, lursailaren kontzentrazioaren egitasmoa, nekazaritzaren mekanizazioa, autarkiaren desagerpena, herrietatik industrializatu berri zen Gasteiz hirira inmigrazioa, herrien hustea.

Ehun eta hogei urte joan dira Ignacio Diaz de Olanok margolan hunkigarria pintatu zuenetik, eta Arabako herrixketan gertatu den izugarrizko aldaketa, ordea, azken bi belaunaldietan suertatu da. Elizek ez dute abaderik. Idiak, mandoak, astoak, desagertu dira. Garai hartako koadroaren atzeko aldean agertzen den paisaia zoragarria bakarrik dugu. Sinestezina, gertatu den aldaketa sakona.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago