Alavesek nagusitasunez irabazi dio Valladolidi

Ibon Gorrisi 2019ko aza. 10a, 09:06
Alavesek izan du jokoaren ekimena partida osoan zehar. / ALAVES

Joseluk, Pinak eta Lucas Perezek sarturiko golei esker etxean puntuak eskuratzen jarraitzen du.

Alaves Mendizorrotzean jokaturiko partidetan puntuak eskuratzen ari da. Esaera dioen bezala "etxean otso, kanpo uso". Denboraldi honetan zazpi partida jokatu ditu etxean eta jokoan egon diren 21 puntuetatik hamalau eskuratu ditu. Kanpoan puntu bakarra lortu du. Horrek argi eta garbi erakusten du zenbateko garrantzia duten etxeko neurketek.

Merezimendu osoz irabazi dio Valladolid taldeari. Lehen zatia ikusgarria egin du. Partidan oso ondo sartu dira eta lehendabiziko minututik erasora jokatu dute. Baloia alderik alde mugitu dute ate ingurura ailegatzeko. Estrategia jokaldietan ere arriskua sortu du. Hogeita seigarren minutuan jokaldi paregabea eginez Joseluk bat eta hutsekoa jarri du markagailuan. Gol honek taldeari konfiantza eman dio eta bere horretan jarraitu du. Handik gutxira Tomas Pinak bigarrena egin du. Oraingo honetan Masip atezainak huts nabarmena egin du eta hor zegoen erdilariak baloia saretara bidaltzeko.

Hortik aurrera Alavesek izan du jokoaren ekimena eta Valladolid ez da gauza izan gol aukerarik sortzeko. Minutuak joan ahala etxeko taldea jaun eta jabe izan da. Halere, bigarren zatirako kanpokoen susperraldia espero zen.

Bigarren zatiaren hasieran gauzak pitin bat aldatu dira. Bisitariak baloiaren jabe izan dira eta area ingurura hurbiltzen saiatu dira. Dena den, ez dute inongo arriskurik sortu. Arabarrak sendo aritu dira atzealdean. Gainera, Alavesek hirugarren gola egin du 76. minutuan. Epaileak ez du inongo zalantzarik izan penaltia adierazteko. Izan ere, atzelari batek ostiko nabarmena eman dio Duarteri area barruan. Horren ondorioz, nola ez, Lucas Perez aurrelari galiziarrak jaurti du eta saretara bidali du zaleen pozerako. Bolada ezin hobeari jarraipena eman dio. Gola sartu ditu azken zazpi neurketatan. Guztira zortzi egin ditu. Markak guztiak hausten ari da.

Festa borobiltzeko Garitanok Burgui zelairatu du azken minutuetan. Erdilaria min hartuta izan azken zortzi hilabetetan. Hurrengo aste bukaeran atsedena hartuko dute. Derbia, Eibarren aurka, azaroaren 24an izango da. Bertan ez dira izango Laguardia eta Manu Garcia, txartel horien zikloa bete behar dutelako. Halere, aukera ezin hobea izan daiteke lehen garaipena etxetik kanpo lortzeko.

--

Alaves. Pacheo; Martin, Laguardia, Ximo Navarro, Duarte, Aleix Vidal, Pina (85’. Burgui), Manu Garcia, Luis Rioja (60’. Burke), Lucas Perez, Joselu (76 Pere Pons).

Txartel horiak: 6’. Laguardia, 33’. Manu Garcia, 58’. Luis Rioja, 

Valladolid: Masip, Javi Moyano (65’. Pedro Porro), Kiko Olivas, Salisu, Barba, Oscar Plano, Alcaraz, Michel, Toni Villa (46’. Anuar), Sergi Guardiola (46’. Sandro), Enes Ünal.

Txartel horiak: 31’. Barba, 75’. Alcaraz, 84’. Pedro Porro.

Golak:

1-0: 26’. Joselu.
2-0: 32’. Pina.
3-0: 75’. Lucas Perez.

Mendizorrotza futbol zelaiko harmailak:

16.148 ikusle bildu dira Mendizorrotza futbol zelaian. Eguerdi hotza, euritsua, erabat desatsegina futbol partida ikusteko. Halere, zaleek, berriz ere, erantzun ezin hobea eman dute eta harmailek itxura oso polita erakutsi dute. Ohi bezala, kantuan aritu dira gelditu gabe kiroldegiko harmailan jartzen diren zaleak. 19. minututik 21. minutura ohiko kantua egin dute "y la pancarta qué". Giro paregabea izan da. Gainera taldeak erantzun ezin hobea eman du. Partida bukaeran jokalariek euritan blai eginda eskertu dute emandako laguntza.

Harmailetan hitz eta pitz

Hamaiketako eginda eta Mendizorrotzarako bidean ez da tarte askorik izan hitz eta pitz aritzeko. Euripean sartu gara gure harmailan eta eseri bezain pronto nabaritu dugu hotza. Halere, denok garaipena espero dugu.

"Ze hotza! Hau hotza! Zer nahi duzu bada, orain arte izugarrizko eguraldia izan dugu. Orain egiten du egin behar duena".

"Beno, bada, badakizue irabazi, irabazi eta irabazi besterik ez zaigu gelditzen. Bestela zuloan sartuz gero badakizue zer zaila izaten den hortik ateratzea".

"Beno, hamaikakoan berriz ere Pina eta Ximo Navarro. Ondo, biak arima handiko jokalariak dira. Horixe behar du taldeak. Pinak lan ikaragarria egiten du zelai erdian. Baloi asko eta asko moztu eta lapurtzen ditu. Ea sasoian dagoen!".

"Zelako hasiera, Laguardiak txartel horia ikusi du. Eibarren kontra ezin izango du jokatu. Hor lortu egin behar dugu lehen garaipena etxetik kanpo".

"Ondo partidari hasiera ona eman diogu. Goooool, ze ondo! Joseluk merezi zuen. Ondo, ondo. Jokaldi polita. Beno, bada, badirudi garaipena eskuratuko dugula".

"Goooool, Pinak sartu du, azeri zaharra. Atezainaren hutsa nabarmena. Ondo baino hobeto ari gara. Orain taldeak badaki zer egin behar duen. Baloia ondo erabiltzen ari dira. Gainera alaitasunez jokatzen ari dira".

"Hotza, hotza. Kafea edo zerbait edan behar atsedenaldian bestela jai izango dugu!".

"Kontuz bigarren zatiarekin. Haiek erasora jokatuko dute".

"Beno, bada, atzealdean sendo ari gara. Haiek ez dute gauza handirik egiten. Baina, kontuz, gola sartuz gero partidan sartzen dira. Baina ez dute uste. Ia ez dute gol aukerarik sortu".

"Penaltia. Garbia. Ostiko galanta eman dio Duarte eta gainera epailea gainean zegoen".

"Goooool. Lucas Perezek penaltiz. Hau da hau aurrelaria denboraldia egiten ari dena. Ikaragarria. Negurako eramango dute. Ikusiko duzu".

"Ondo, izoztua eguraldiagatik eta erabat berotuta jokoa eta emaitzarekin".

"Hurrengoan atsedena eta hurrengoan Eibarrera irabaztera".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide