Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Hizkuntza Eskubideen Protokoloa: Udal Garapena izeneko tresna aurkeztu du Oihaneder Euskararen Etxean. Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak azaldu bezala, udal errealitate ezberdinei erantzuten dion gida da, "euskalgintzak eta udalak elkarrekin jarduteko bitartekoa, politikatik gobernantzara jauzia egiteko tresna".
2016ko abenduaren 17an aurkezturiko Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloan oinarrituriko dokumentua da atzo iluntzean aurkeztutako Udalen Garapena txostena. Ildo horretatik, tresna berriak Protokolo nagusiaren balioak ditu oinarri: hizkuntza-eskubideen aitortza, araudi egokia, neurri zuzentzaileak hartzea, baliabideak bermatzea, neurri positiboak hartzea, hizkuntza-politikaren zehar-lerrotasuna aplikatzea, etab.
Kontseiluko idazkari nagusiak tresnaren osagarriak azaldu ditu, eta, batez ere, Udalen eskumenei erreparatu die, hizkuntza-politikak garatzeko eskumen handiak dituztela esan du. "Askatasun handia dute urrats eragingarriak egiteko; horrexegatik erabaki zuen Kontseiluak udaletako hizkuntza-politiketan zuzenean eragiteko proposamena egitea. Batzuetan eskumen osoa dutelako, besteetan partekatua duelako, beste batzuetan zuzenean edo zeharka laguntzen dutelako eta, azkenik, hainbatetan Udala zerbitzu hartzaile edo kontsumitzaile delako hainbat eremutan eragiteko aukera ikaragarriak ditu".
Kontseiluko ordezkariaz gain, Hizkuntza eskubideen eta politika eraginkorren inguruan iritziak partekatzeko, aurkezpenean izan dira Lasarte eta Antsoaingo euskara zerbitzuetako teknikariak, Iñaki Arruti eta Elvira Lizeaga; eta Gasteizko Udaleko Euskara zinegotzia den Iñaki Gurtubai ere.
Protokoloaren Udal Garapenak azaltzen dituenak ezagutzeko, aretoa txiki utziz, askotariko lagunak gerturatu dira Oihaneder Euskararen Etxera: Jaurlaritza, Aldundiak eta Udaletako ordezkariak, UEMA, Udalbiltza, eragile sindikalak eta politikoak...
Amaitzeko, eskubideen bermearen alde egiteak harreman- eta elkarbizitza-eredu demokratikoari eragiten diola gogorarazi du Paul Bilbaok, Udal Garapenak eskaintzen duen aukera berri honekin bat egitera animatuz.