Adinekoen egoitzetako langileak kalera atera dira "lan baldintza duinen" alde

Mikel Buruaga 2019ko aza. 6a, 12:34
Adinekoen egoitzetako langileen elkarretaratzea. / Argazkia: Alea

Arabako adinekoen egoitzetako langileen aldarrikapenak Arabako Foru Aldundiaren ateraino iritsi dira gaur. ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuek deitutako elkarretaratzean hitzarmen propioa exijitu dute.

Adinekoen egoitza pribatuetako langileek elkarretaratzea egin dute gaur, azaroak 6, Probintzia Plazan, euren sektoreko "prekarietatea" salatzeko. Sindikatu guztien babesa izan du elkarretaratzeak.

Langileek bi arazo nagusi identifikatu dituzte: pertsonal urria dagoela eta lanpostuari ez dagozkion atazak egin behar dituztela. Gainera, soldatak 1.000 eurora iristen ez direla ere salatzen dute.

Egoitza pribatu horietako batzuek Aldundiaren plaza hitzartuak dituzte, hau da, Foru erakundeak plazaren zati bat ordaintzen die erabiltzaileei.

Negozioazio-mahairik gabe

2019ko urtarriletik zazpi mobilizazio egin dituzte langileek, Araban sektoreko hitzarmen propioa izateko helburuarekin. Eta mobilizazio gehiago iragarri dituzte: azaroaren 20an eta abenduaren 4an eta 18an ere.

Irailaren 27an, sindikatuek bilera bat egin zuten Gizarte Ongizateko diputatuarekin eta GOFE Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeko zuzendariarekin.

Azken hauek, sindikatuen kezkak eta eskaerak entzun ostean, "enpresekin hitz egiteko" konpromisoa hartu zuen Aldundiak. 

Negoziazio-mahai bat eratzeari begira eta probintzia-mailako hitzarmen bat bultzatzeko bilerak egin dituzte Arabako egoitza nagusietako batzuekin, baina sindikatuek bilera horien bilakaerari buruzko informaziorik ez dutela azaldu dute.

 

Urriaren 1ean, Adinekoen Egunean, sinadura-bilketa bat ere amaitu eta 4.000 sinadura baino gehiago aurkeztu zituzten Aldundian.

Ahaldun nagusi Ramiro Gonzalezek, ordea, azaldu zuen akordioa ez dagoela Aldundiaren esku: "Ezin ditugu bi aldeak behartu akordioa sinatzera eta ez dugu eskumenik lan esparruan".

Momentuz ez da akordiorik lortu eta, sindikatuen arabera, egoera horrek "egoitzen eta etxebizitza komunitarioen erabiltzaileengan ondorio larriak" ditu.

Eztabaidaren erdian, urriaren 21ean, 2020rako 50etik 70era bitarteko egoitza-plaza publikoak ezartzeko proiektuari berriz ekiteko eskatu zion EH Bilduk Foru Gobernuari. Horrekin batera, orain publikoak diren orubeetan nagusien egoitza pribatuak ezartzeko proiektuak gogor kritikatu zituzten.

Hitzarmen propioa Arabako langileentzat

Langileek azaldu duten bezala, oinarrizko soldata ez da 1.000 eurora iristen Araban. Bizkaiko eta Gipuzkoako hitzarmenetan, berriz, 1.400-1.500 eurora iristen da.

Hitzarmen propioa aldarrikatzeko arrazoien artean ez dago soilik arlo ekonomikoa. Langileek "atsedenaldiak izan ahal izatea" ere eskatzen ari dira. Izan ere, egoitza askok estatuko hitzarmena aplikatzen dutela salatu dute, Bizkaiko 1.792 ordu eta Gipuzkoako 1.592 orduren aldean.

Langileek salatu dutenez, laguntzaile, sukaldari, garbitzaile eta erizain lanak egiten dituzte titulazioa eduki gabe. Ziurtatu dute, halaber, egoitza batzuetan txanden bikoizketak egitera behartzen dituztela, eta gaixotzen direnean, "inork ez" dituela ordezkatuko "bajak laburrak badira".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide