Era askotako mozorrodun pertsonak al gara?

Argazkia: Unsplash

"Zeintzuk dira nire lankideek nitaz izan duten irudia edo iritzia, jokatutako rolaz, eman dudan itxuraz, naizenaz pentsatuko dutena?"

Grezia klasikotik datorkigu mozorroaren erabilera, maskara izenez ezagutua, antzerkian pertsonaiaren izaera adierazteko balio zuena. Inauterietan eta horrelako giro umoretsuetan gero eta gehiago hasiak dira erabiltzen Francoren garaian debekatuak egon ondoren. Baina harago jotzen badugu, badago lotura estua pertsona eta pertsonaiaren artean. Pertsona eta pertsonaia, benetazko izaera eta itxurazkoa, norberarena dena eta ingurukoek jasotzen dutena, zinez garena eta eman nahi dugun irudiarena.

Ikuspuntu honetatik abiatuta, pertsona batek, antzerkian gertatzen den moduan, pertsonaia asko irudikatzen du, nahi gabe batzuetan, nahita askotan. Egokia da "kalean uso, etxean otso" moduko atsotitzak hona ekartzea esandakoa bermatzeko. Senideek nitaz duten iritzia ez da bat etorriko lankideek dutenarekin, lagunek duten irudiarekin, eskaileran bizi diren auzokideek jaso dutenarekin. Are gehiago, aurrean aipatutako taldeen kideek ere ez dute iritzi irudi bera izango.

Bitxia da talde iraunkor batean nola banatzen dugun taldekideen artean lagun bakoitzari dagokion rola: bata arduratsua izango da, adarjotzailea bestea, tripontzia ez da faltako, antolatzailea... Eta rola onartzen den heinean, nola doazen indartzen portaera eta rola ia bat izateraino, bilakaera erredukzionista baten bitartez.

Zeintzuk dira nire lankideek nitaz izan duten irudia edo iritzia, jokatutako rolaz, eman dudan itxuraz, naizenaz pentsatuko dutena? Auskalo! Denborak aurrera egin ahala garrantzi gutxiago du niretzat nitaz besteek duten iritzia, beraz, auskalo baino, bost axola!

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago