Alaves penagarri dabil etxetik kanpo

Ibon Gorrisi 2019ko aza. 4a, 11:17
Etxetik kanpo jokatu behar duenean, Alavesek ez du bidea asmatzen. / ALAVES

Osasunak partida bikaina eginez 4-2 irabazi dio Sadarren.

Alavesek etxetik kanpo ez du biderik aurkitzen punturik biltzeko. Orain arte jokaturiko bost lehietan puntu bakarra eskuratu du. Azken neurketetan jokoan hobekuntza nabarmena antzematen da, baina oraindik ere pitin bat falta zaio garaipena lortu ahal izateko.

Partida ikusleentzat zoragarria izan da. Harmailetan giro paregabea, festa izugarria eta berdegunean golak, emozioa, penaltiak, etenaldiak, bideo epaile laguntzailea lan eta lan… Lehen zatian ez da izan tarterik aspertzeko. Osasunak talde oso oldarkorra dela erakutsi du. Hasieratik ekin dio erasoari bi hegaletatik. Alavesek ere aukerak ere izan ditu. Izan ere, markagailuan hutsean zegoenean Wakasok areaz kanpotik egindako jaurtiketa oso gutxigatik kanpora joan da.

Talde arabarra bide onean zegoenean gorritxoen gola etorri da kontraeraso batean. Handik gutxira Chimy Avilak bote pronton egindako jaurtiketa saretara bidali du. Bazirudien Alavesek ez zuela burua altxatuko, baina hurrengo jokaldian Laguardiak bi eta batekoa egin du. Esperantzarako bidea irekita. Baina, lehen zatiko luzapenean epaileak bideo epaile laguntzarekin erabaki du Duartek eskuarekin jo duela baloia. Roberto Torresek ez du barkatu eta barrura bidali du.

Bigarren zatia hasi bezain pronto, berriz ere, epaileak bideoaren laguntzarekin Alaves taldearen aldeko penaltia adierazi du. Lucas Perezek jaurti du eta saretara joan da. Estu jarri da markagailua 3-2koarekin. Berriz ere, esperantzarako bidea irekita; baina 53. minutuan Manu Garciak baloia eskuarekin jo du eta, berriz ere, penaltia. Juan Villarrek 4-2koa jarri du markagailuan eta talde gorritxori garaipenerako bidea erabat ireki zaio.

Hortik aurrera, Alavesek aukera batzuk izan ditu, batez ere, Borja Sainz aurrelariaren abiadurari esker. Baina etxetik kanpo ezinean dabil taldea eta hori nabarmen ikusten da jokaldietan. Halere, jokoari dagokionez hobekuntzarik ikusten baita, gutxienez, erasoan taldeak aurreko neurketekin alderatuz gero zerbait gehiago egin du.

Hurrengo lehia Valladoliden aurka izango da, larunbatean 13:00etan. Zuloan ez erortzeko hiru puntuak eskuratzea derrigorrezkoa izango da.

Osasuna: Ruben, Nacho Vidal, Aridane, David Garcia, Estupiñan, Roberto Torres, Oier, Fran Merida (84’. Brasanac), Ruben Garcia (80’. Iñigo Perez), Chimy Avila, Juan Villar (75’. Marc Cardona).

Txartel horiak: 40’. Chimy Avila, 69’. Fran Merdia, 83’. Marc Cardona, 91’. Estupiñan.

Alaves. Pacheo, Martin, Laguardia, Magallán, Duarte, Aleix Vidal (66’. Burke), Manu (57’. Borja Sainz), Wakaso, Pere Pons, Lucas Perez, Joselu (75’. Guidetti).

Txartel horiak: 9’. Magallan, 83’. Laguardia.

Golak:

  • 1-0: 19’. Ruben Garcia.
  • 2-0: 25’. Chimy Avila.
  • 2-1: 26’. Laguardia.
  • 3-1: 45’. Roberto Torres.
  • 3-2: 52’. Lucas Perez.
  • 4-2: 54’. Juan Villar.

 

Sadar futbol zelaiko harmailak:

15.954 ikusle bildu dira Sadar futbol zelaian giro ezin hobean. Izugarrizko festa izan da harmailetan. Bi taldeetako zaleek egun osoko jaia egin dute eta partidan osoan zehar kantuan aritu dira. Era honetako zaleak elkartzen direnean goraipatu behar da, ezbairik gabe. Derbiak horixe baitira: festa bat eta horixe erakutsi dute Osasuna eta Alaveseko zaleek. 

Kaleetan eta harmailetan hitz eta pitz

Iruñeko Alde Zaharrean giro paregabea izan zen goiz guztian zehar. Bi taldeetako zaleak festa giroan izan dira. Zer nolako giroa! Benetan pozgarria baita bizi izatea era honetako derbiak. Hona hemen zaleek esandakoa:

  • "Partida gutxienekoa baita, onena gure artean ondo pasatzea da".
  • "Horixe baietz. Gainera gu etxetik kanpo ez gara gauza partidak irabazteko. Beno, bada, gaur derbia izanik igual berdinketa lortuko dugu".
  • "Ia-ia Sadar bete da. Bi taldeetako taldeak txalo artean atera dira berdegunera. Bakarrik falta zaie ikurrinarekin ateratzea bi taldeak".
  • "Gaur hobeto ari da taldea. Ondo, ondo ari da, ea gola sartzen dugun eta gero kontraerasora jokatzen dugun". 
  • "Wakaso, ze ondo, ze jaurtiketa bikaina. Ze pena gol ez izatea". 
  • "Akabo fandango, egin digute lehen gola". 
  • "Bigarren gola, hau da hau. Erabat lotan daude atzealdean. Lehen ez genuen golak jasotzen orain oso erraz sartzen dizkigute".
  • "Atzelariek egin behar dute gola. Oso ondo Martin eta Laguardia bikain. Goazen, goazen ea berdinketa lortzen dugun".
  • "Penaltia. Baina hori penaltia al da? Hala, gola berriz ere". 
  • "Gutxienez, erasora jokatzen ari gara. Alaitasuna ikusten zaio taldeari. Galduko dugu baina gutxienez erasora jokatzen ari gara". 
  • "Orain gure aldeko penaltia. Hau eromena da! Hori bai dela penaltia. Garbi-garbia gainera. Sarrera gogorra izan da".
  • "Lucas Perez, hori da hori aurrelaria. Marka ezartzen ari da".
  • "Falta zaiguna, beste penaltia. Bi esku, bi penalti eta gainera gorritxoen lehen gola ia-ia jokoz kanpo. Zorte kaxkarra".
  • "Beno, etxera baina pozik gutxienez egindako jokoarekin".

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide