Zaballan "matxinada" gertatu izana ukatu du Salhaketak

Erredakzioa 2019ko urr. 31a, 14:30
Zaballako espetxea. Argazkia: Alea.

Gertatutako liskarrak espetxean dagoen "ezinegona" islatzen duela esan du presoen aldeko elkarteak, "urte honetan zehar barruan gertatutako bost heriotzen ondoren".

Salhaketa taldeak ukatu du Zaballako espetxean  "matxinada" edo "matxinada saiakera" egon denik; eta izandako liskarrak espetxean dagoen "ezinegona" islatzen duela azpimarratu du, "urte honetan zehar  barruan gertatutako bost heriotzen ondoren". 

Presoen aldeko elkarteak jakin ahal izan duenez, "funtzionario bat atxilotu bati lepotik heltzen ari zitzaiola hasi zen guztia. Orduan, beste preso bat hurbildu zen bere kidea banatzen saiatzeko, aurpegia gorria baitzuen eta arnasarik gabe geratzen ari baitzen, funtzionarioaren gehiegizko maniobraren ondorioz. Horren ondorioz, beste lagun batzuk haserretu eta liskarra hasi zen".

Salhaketak nabarmendu duenez, presoen eta funtzionarioen arteko "liskar" batek nekez eragin dezake matxinada, "parte hartzea, antza, 7-8 presokoa izan baita 700 preso baino gehiago dituen espetxe batean".  Salhaketak gaineratu dunez, "matxinada baten bidez, pertsona multzo handi batek agintari baten aurka agertu nahi du, horretarako protesta, desobedientzia edo indarkeria erabiliz; eta hau ez da gertatutakoa".

Gainera, hedabideetan zabaldutako informazioa, kasu guztietan, "espetxeetako langileen elkarteko" iturrietatik baino ez datorrela salatu du Salhaketak; elkarte horretako kideen identitatea "ezezaguna" dela azpimarratu du; eta ez diola erantzuten "ustez, liskarrean parte hartzen duten presoen bertsioari, ezta zuzenean inplikatuta dauden funtzionarioen bertsioari ere". 

Zaballan gertatutakoaren inguruan kezka, bereziki, zigor-ziegetan dauden zortzi pertsona horien egoeragatik agertu du Salhaketak: "Bakartutako pertsonek ez dakite zer gertatuko den haiekin, eta beldur dira graduan atzera egitea ezarriko dieten". Horregatik, gertakarien grabazioak guardiako epaitegira bidaltzea eta inplikatutako pertsonei deklarazioa hartzea eskatu du taldeak. Era berean, isolamenduan dauden presoak tratu txarrik jasan ez dezaten bermeak exijitu ditu.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide