Araba Euskaraz 2020

Amurriotik mundura euskara darabate

Juanma Gallego 2019ko urr. 31a, 14:26

Amurriko San Anton plazan egin dute aurkezpena. / ARABA EUSKARAZ

Darabagu aditz trinko berria lelotzat hartuta, Aresketa ikastolan garatu nahi duten Haur Hezkuntzako proiektu pedagogikoarekin lotu dute Araba Euskaraz 2020.

237 egun falta dira. 7 hilabete eta 21 egun. Baina atzerako kontaketa martxan dago dagoeneko ekainaren 14an Amurrion ospatuko den Araba Euskaraz 2020 ospakizunerako. Gasteizko Armentia ikastolan lekukoa hartu eta gutxira hasi ziren prestakizunak, eta hitzorduaren nondik-norakoak finkatzen hasiak dira dagoeneko.

Joan den asteartean eman dute jaiari buruzko informazio gehiago, Amurrioko San Anton plazan egindako agerraldi batean. Bertan aurreratu dute ikastolaren berrikuntza pedagogikoa indartzeko baliatuko dutela Araba Euskaraz 2020an jasotako dirua. Zehazki, Haur Hezkuntzako "proiektu integralaren eraldaketa" indartu nahi dute, eta dagoeneko martxan dauden aldaketa pedagogiko horiek Lehen Hezkuntzara ere eraman nahi dituzte. Martxan duten beste proiektu bat ere indartu nahi dute: ikastolako irratia. Horiez gain, ikastetxearen kanpoko aldean ere aldaketak eta egokitzapenak egin nahi dituzte. Horiek zehazteko, baina, hezkuntza proiektuaren inguruan dauden eragile desberdinen ekarpenak jasoko dituztela adierazi dute. 

Leloaren aukeraketan eta logotipoaren sorkuntzan ere ekarpen horien garrantzia nabarmendu dute. Ezaguna denez, Darabagu leloa aukeratu dute, euskararen lurralderako aditz trinko berria asmatuz. Ikastolaren altzoan dagoen proiektua adierazten duten hitzak bildu, horiekin mapa bat osatu eta hitz horien guztien esanahia erauzteko gai zen hitz bakarra osatu nahi izan dute. Logotipoa sortzeko prozesuan, berriz, ikastolako ehun kidek baino gehiagok parte hartu dute, Ikastolen Elkarteko diseinu taldekoen laguntzarekin. Tamaina eta kolore desberdinetako loreak azaltzen dira logotipoan, aniztasunaren eta pertsona bakoitzaren berezitasunaren adierazle. "denok garelako desberdin, denok bakar; baina denok bizi garelako elkarrekin, eta denok egiten dugulako herri hau".

1977.an sortu zen Aresketa Ikastola, guraso talde baten ekimenez, eta orduan "ezinezkoa zirudiena egia bihurtu zen", antolatzaileen esanetan. Egun, Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan 650 ikasle baino gehiago ditu.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago