Ixone Fenandez de Labastida da Jose Miguel de Barandiaran Fundazioko presidente berria

Erredakzioa 2019ko urr. 30a, 15:04
Jose Mari Velez de Mendizabal eta Ixone Fernandez de Labastida. BARANDIARAN FUNDAZIOA

Josemari Velez de Mendizabal ordezkatuko du gasteiztarrak; kargu horretan jardungo duen lehenengo emakumea da.

Ixone Fernandez de Labastida Medina gasteiztarra da Jose Miguel de Barandiaran Fundazioko presidente berria. Hala erabaki du Fundazioaren patronatua osatzen duten kideek, eta azken zortzi urteetan  karguan aritu den Josemari Velez de Mendizabal Azkarraga ordezkatuko du modu horretan. Kargu horretan jardungo duen lehenengo emakumea da.

Antropologian doktorea da Fernandez de Labastida, EHUko Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia Saileko irakaslea; Lan Harremanak eta Gizarte Langintza Fakultatean eskolak ematen ditu, Gizarte Langintza graduan ez ezik, baita Gizarte Antropologia masterrean ere. Fakultate bereko Praktika Curricularrak eta Kooperaziorako praktiken Dekanordea da.

"Hein handi batean Barandiarani esker naiz antropologoa. Gogoratzen dut txikitan nola ikusten nuen ETBn agertzen zenean eta horrek markatu ninduen", adierazi du presidente berriak. "Prest nago Barandiaranen ildoari jarraitzeko, ikerketa eta zabalkundea bultzatuz eta Eusko-Folklore aldizkariari eremu akademikoan txertatuz, besteak beste".

Barandiaranen ondarea kudeatu

Jose Migel Barandiaran berak eta Eusko Ikaskuntzak sortu zuten 1988ko ekainean fundazioa; eta patronatu batek zuzentzen du eta Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Arabako Foru Aldundia, Bizkaiko Foru Aldundia eta Gipuzkoako Foru Aldundia dira Fundazioaren babesleak.

Barandiaranen bizitza, pentsamendua eta zientzia eta kulturari egindako ekarpena aztertzea, eta haren obra eremu guztietan zabaltzea da fundazioaren helburua. Halaber, Barandiaranek abiatu eta gauzatu zuen ikerkuntza lana jarraitzea dute xede, "bereziki historiaurre, arkeologia, antropologia eta etnografia alorretan, ikerketa programa eta beken bidez, bai eta ikastaro, mintegi, hitzaldi eta antzeko jardueren bidez".

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide