Alavesek balio handiko puntua lortu du

Ibon Gorrisi 2019ko urr. 30a, 09:52
Garitanok pasa den ostiralean aritutako hamaikako bera zelairatu du. ALAVES

Lucas Perezek sarturiko gol bikain bati esker berdinketa erdietsi du Atletico Madrilen aurka.

Alavesek balio handiko puntua lortu du talde handi baten aurka, Atletico Madrilen hamaikakoa puntu-puntakoa baita. Horregatik, Mendizorrotzan berdinketa erdiestea garrantzitsua izan da. Lucas Perezek egindako gol bikain bati esker banako emaitzarekin amaitu da partida.

Alavesek puntuak behar zituen. Etxeko lanak ondo baino hobeto egin behar zituen sailkapenean gorriak ez ikusteko. Arrisku handiko partida zen Atletico Madrilen aurkakoa. Garitanok pasa den ostiralean aritutako hamaikako bera zelairatu du. Oraingo honetan, ordea, taldeak lehiakortasun ikaragarria erakutsi du. Lehen zatian lehia estua izan da, batak zein besteak jokoa desegitea izan dute helburu. Gol aukera gutxi sortu dituzte eta horren ondorioz, atsedenaldira golik gabe joan dira.

Bigarren zatian gauzak erabat aldatu dira. Bi taldeek lerroak aurreratu dituzte eta elkar joka aritu dira. Partidaren gakoa markagailuan aurreratzea zen; hau da, lehen kolpea ematea puntuak lortu ahal izateko. Golaren bilaren joan-etorri horretan, 71. minutuan Morata agertu da 0-1ekoa egiteko. Jokaldi bikaina egin du Correa eta Kokerekin batera eta Pacheco atezainaren aurrean ez du bakartu. Partida Alavesentzat maldan gora jarri da. Halere, askoz okerrago izan zitekeen, izan ere, 72. minutuan Moratak, berriz ere, atezainaren aurrean bakar bakarrik bigarrena egiteko abagunea izan du. Eskerrak Pachecok geldiketa erabakigarria egin duela.

Halere, taldea gola jaso ondoren, bere onera etorri da. Zaleen animoekin, aurrera behin eta berriz egin du eta fruitua 82. minutuan jaso du. Lucas Perez izan da gola egin zuena. Nork egingo zuen bestela! Gainera zer nolako gola, ikusgarria benetan. Eskuin hegaletik baloia jaso, bi aurkariri izkina egin, baloia egokitu eta areaz kanpotik jaurtiketa egin saretara bidaltzeko. Banako berdinketa eta eromena Mendizorrotzan. Urrezko puntua.

Hurrengo neurketa derbia izango da Osasunaren aurka. Bada garaia etxetik kanpo puntuak lortzeko. Beraz, giro ezin hobean aukera paregabea izan daiteke puntuak urratzeko.

 

Alaves: Pacheco; Martin, Laguardia, Magallán, Duarte; Aleix Vidal, Manu García, Wakaso (74’. Burke), Luis Rioja (67’. Pere Pons); Lucas Pérez, Joselu (87’. Pina).

Txartel horiak: 28’. Wakaso, 60’. Laguardia, 88’ Manu García

Atletico Madril: Oblak, Santiago Arias, Felipe, Mario Hermoso, Renan Augusto; Saul, Herrera (59’. Morata), Llorente (45’. Thomas), Lemar; Correa, Diego Costa (69’. Koke)

Txartel horiak: 15’. Llorente, 74’. Felipe, 88’. Mario Hermoso

Golak:

0-1: 70’. Morata

1-1: 82’. Lucas Pérez

 

Mendizorrotza futbol zelaiko harmailak:

17.235 ikusle bildu dira Mendizorrotzan. Giro izugarria. Harmailetan partida egunetan festa izaten da. Bertaratzen diren zaleak gustura izaten dira, kantuan, txaloak ematen, saltoka eta alaitasuna nagusi izaten da. Benetan eskertzeko baita harmailetan izaten den giroa.

Harmailetan hitz eta pitz

Giro paregabea harmailetan partida hasi aurretik. Halere, urduritasuna susmatzen da zaleen artean. Izan ere, Atletico Madril ez da nolanahiko taldea. Hona hemen partidaren zehar entzundakoak

"Zer bokata ekarri al duzue? Ikusteko dago jateko aukerarik ote dugun! Partida gogorra gaurkoa. Ikusiko dugu".

"Vila-realen aurka aritu zen hamaikako bera zelairatuko du. Ikusiko dugu ea zerbait gehiago egiten duten".

"Ondo hasi gara. Hori da hori, partidak irabazteko borrokatu behar da. Gaur, gutxienez, aurpegia ematen ari dira. Baina, kontuz, Simeoneren taldeak beti egiten duelako gauza bera. Itxaron lehen zatian eta bigarrenean gola egin dizu eta agur".

"Beno, aukera gutxi lehen zatian. Bokata lasai asko jango dugu".

"Abiadura handiarekin hasi da bigarren zatia. Elkar joka ari dira biak. Gola egiten duenak irabaziko du partida".

"Uff!! Gola. Morata. Talde honek denetarik dauka. Ikusi duzu zer jokaldia egin duten. Orain jai daukagu. Talde honi gola egitea oso zaila baita. Ufff, hau da hau Moratak huts egin duena. Eskerrak. Barkatu dute, beraz, futbolaren legeak diona: barkatzen baduzu galduko duzu".

"Gooooool…..Lucas Perez, Lucas Perez maite zaitugu. Hori da hori gola. Messik sartuko balu telebista guztietan ikusiko genuke".

"Eskerrak puntu bat lortu dugula. Beno, Iruñean elkar ikusiko dugu igandean".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide