Gasteizko Udalak A1 eta A2 taldeetarako lan eskaintza handitzea erabaki du; erdi eta goi mailako teknikarien lanpostuak dira. Hasiera batean, 132 lanpostu eskaini zituzten, eta orain beste 42 gehitu zaizkie; beraz, guztira 174 lanpostu barne hartuko ditu deialdiak.
Bi arrazoi direla medio handitu ahal izan dute deialdia: alde batetik, udal plantillan sortu diren lanpostu hutsak, prozesua 2017. urtearen bukaeran hasi zenetik izan diren erretiroen ondorioz; beste alde batetik, aldi baterako kontratu-programak sendotzeko prozesua, horiek egiturazkoak bihurtu baitira.
Halaber, Aldundiak iragarri du 2019ko Lan Publikoaren Eskaintza handituko duela, eta zerga ikuskatzaileen bi plaza gehituko ditu. Azaroaren erdialdean egingo da prozesuko lehenengo proba. Bi plaza berriak hasierako deialdiko bi plazei gehitu zaizkie. Beraz, la izango dira oposizio-lehiaketara aurten aterako diren zerga ikuskatzaileen lanpostu hutsak.
Aldundiak LPE bana onetsi zuen 2017an eta 2018an, eta guztira 91 plaza eskaini zituen talde hauentzat: administraria, zerga ikuskatzaile laguntzailea, albaitaria, zerga ikuskatzailea eta informatikaria. Bi eskaintzak hautaketa prozesu bakarrean bildu zituen, eta uztailaren erdialdean hasi ziren lehenengo hiru taldeentzako probak.
Gainera, beste bi lan eskaintza onetsi zituen 2019ko maiatzean eta ekainean, eta 9 plaza atera zituen guztira (6 administrari, 2 zerga ikuskatzaile laguntzaile eta albaitari 1), aurtengo lehen seihilekoan hutsik geratu diren lanpostuak hautaketa prozesu horretan sartzeko.