Lanbidek Gasteizen dituen hiru bulego berrietako bigarrenak gaur zabaldu ditu ateak, Zabalgana auzoan. Gaurtik aurrera, beraz, 01010, 01015 eta 01191 posta-kodea duten EAEko enplegu zerbitzuko erabiltzaile guztiek Ozeano Barea kaleko 16-18 zenbakietako bulego berrietara joan beharko dute beren kudeaketak egitera, bai eta Espainiako enplegu zerbitzuarekin zerikusia dutenak egitera ere.
Enplegu zerbitzuaren hobekuntza planaren esparruan, pasa den urriaren 15ean Lanbidek bere bulego berrien lehena jarri zuen martxan, Salburukoa; eta azaroaren 12an Zaramagakoa irekiko du, Gamarrako Ataria kaleko 1. zenbakian. Dena den, Lanbidek Zumakadi ibilbideko 17-19 zenbakietako egungo bulegoa mantenduko du; alta, hil honetako 15etik aurrera aldatu egingo dira artatuko diren posta-kodeak, lokalek kokapen berria izango baitute.
Lanbidek Zabalganean duen egoitza berriak 800 metro koadro baino gehiagoko azalera du, herritarrentzako zerbitzuei arreta emateko (enplegu-eskatzaile gisa alta ematea, enplegu-eskaintzetan izena ematea, profesionaltasun-ziurtagiriak ematea, diru-sarrerak bermatzeko errenta –DSBE–…), bai eta enpresei zuzendutako zerbitzuei arreta emateko ere (informazioa eta aholkularitza, kontratazioa, bitartekaritza eta giza baliabideen kudeaketa, prestakuntza eta trebakuntza eta enplegurako, autoenplegurako eta ekintzailetzarako laguntzak). Gainerako sareko bulegoetan bezala, jendaurreko arreta astelehenetik ostiralera emango da, 08:30etik 14:00etara (urritik maiatzera) eta 08:30etik 13:30era (ekainetik irailera).