Pikara Magazine aldizkariarekin elkartasuna

Erredakzioa 2019ko urr. 28a, 16:28
Pintaketak egin dituzte Pikara Magazine aldizkariaren egoitzan. PIKARA

Pintaketa faxistak eta sexistak egin dituzte goizean aldizkariaren egoitzan. Erasoa salatu eta elkartasuna agertu nahi diegu ALEAko lantaldetik.

Pikara Magazine aldizkariak Bilboko bere egoitzan goizean jasandako erasoa salatu nahi du ALEA aldizkariko lantaldeak, eta lerro xume hauen bidez,  bere elkartasun osoa adierazi nahi dio Pikara Magazine aldizkariko lantaldeari. Adierazpen askatasuna eta hedabideak libreki informatzeko dugun eskubidea urratzen dituzten erasoak direla salatu nahi dugu.

Kazetarien Euskal Elkargoak eta Euskal Kazetarien Elkarteak ere Pikara Magazine aldizkariak eta beste erakunde batzuk goiz honetan Bilbo Zaharreko plazako egoitzetan jasandako pintaketa "faxista eta anti-feministak" gaitzetsi dituzte. "EAEko kazetaritza arloko bi erakunde profesional nagusiek gogoratu nahi dute gizartea libreki informatzeko eta iritzi publikoa eraikitzen laguntzeko informazioa zabaltzea oinarrizko eskubide demokratikoa dela eta jarrera autoritario eta antidemokratikoetan aurre izango dituztela".

KEEk eta EAEk babesa luzatu diete Pikara Magazine eta kaltetuak izan diren komunikabide eta profesional guztiei, eta haienganako errespetu osoa eskatu dute.

Eraso gehiago

Sare Antifaxistak salatu duenez,  pintaketa faxistak eta sexistak egin dituzte Bilbo Zaharra auzoko plazan eta Xake Espazioan, besteak beste, faxismoaren aurkako mural baten gainean. Espainiaren batasunaren aldeko mezuak jarri dituzte, eta DNJ eskuin muturreko taldeak sinatu ditu. Horrez gain, Sare Antifaxistako kide Eduardo Gonzalezen aurkako heriotza mehatxuak ere egin dituzte pintaketetan. 

Azken asteetan, gainera, Irantzu Varela ekintzaile feministaren aurkako erasoak ere izan dira auzo berean: mehatxuzko pintaketak egin dizkiote lantokian, bere datu pertsonalak zabaldu dituzte sare sozialetan, eta sakelako telefonoaren bidez jazartzen ari zaizkio. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide