Alaves ezinean ari da etxetik kanpo

Ibon Gorrisi 2019ko urr. 28a, 10:31
Vila-realek aurrealdean goi mailako jokalariak ditu; horri esker lortu dute bigarren gola. / ALAVES

Vila-realek kontraerasora jokatuz 4-1 irabazi zion. 

Alaves ezinean ari da etxetik kanpo. Ez da gauza puntuak eskuratzeko. Vila-realen kontra ez du partida kaxkarra egin baina era honetako neurketetan behar beharrezkoa da golak egitea. Taldeak zelai erditik aurrera dituen jokalarien kalitatea eta abiadura baliatu ditu garaipena lortu ahal izateko.

Lehendabiziko zatian Alavesek ez du inongo aukerarik izan markagailuan aurreratzeko. Beti Vila-realen menpe izan da. Etxekoek alderik alde azkar mugitu dute baloia eta Cazorlak pare bat aukera izan ondoren etorri da Ekambik egindako gola. Atzelariek huts nabarmena egin dute eta, jakina, opari hauen aurrean goi mailako jokalariek ez dute kale egiten. Zati honen azken laurdenean arabarrek aurrera egin dute eta korner batean Magallan atzelariaren bidez aukera izan dute berdinketa lortzeko. Baina jokaldia ezerezean geratu da.

Bigarren zatian, gauzak erabat aldatu dira. Hasieratik gola egiteko erasora jokatu dute. Berehala etorri da fruitua, izan ere, 50. minutuan Lucas Perezek txilenaz gol ikusgarria egin du. Hortik aurrera Alavesek jokatu dituen minuturik onenak izan dira. Markagailuan aurrea hartzeko aukera ere izan du. Duartek egindako jaurtiketa gutxigatik langa gainetik joan da eta, nolabait esateko, hor amaitu dira arabarren aukerak.

Halere, Vila-realek aurrealdean goi mailako jokalariak ditu eta horri esker lortu dute bigarren gola egitea. Berriz ere, Ekambik ondo baliatu du aukera bigarrena egiteko. Gerora Gerard Morenok hirugarrena egin du eta partidaren hondarretan Ontiverosek etxekoen festa borobildu du laugarrena eginez.

Liga aurrera doa eta Alavesek oraindik ere ez du garaipenik lortu etxetik kanpo. Horrek esan nahi du etxean partidak irabazi behar dituela bai ala bai, bestela taldeak gorriak ikusiko ditu. Ez da oso urruti joan behar, izan ere, asteartean Atletico Madril taldea etorriko da Mendizorrotzera. Beraz, dena eman behar da garaipena lortzeko bestela zuloan sartzeko arriskua hor izango da.

Vila-real: Asenjo, Mario, Albiol, Pau Torres, Alberto Moreno; Iborra; Moi Gomez (79’. Manu Trigueros), Cazorla, Anguissa (60’. Chukwueze), Ekambi (86’. Ontiveros, m. 86), Gerard Moreno.

Txartel horiak: 52’. Mario, 76’. Pau Torres.

Alaves: Pacheco; Martin (84’. Guidetti), Laguardia, Magallan, Duarte; Aleix Vidal (71’. Borja Sainz), Manu Garcia, Wakaso, Rioja (67’. Burke,); Lucas Perez, Joselu.

Txartel horiak: 22’. Joselu, 64’. Magallán.

Golak:

1-0: 13’. Ekambi.
1-1: 50’. Lucas Pérez.
2-1: 65’. Ekambi.
3-1: 84’. Gerard Moreno.
4-1: 91’. Ontiveros.

Cerámica futbol zelaia:

16.049 ikusle bildu ziren gauez partida ikusteko. Partidaren hasieran omenaldia eskaini zitzaien Santi Cazorla eta Moi Gomez jokalariei, Vila-real taldean 300 eta 100 partidetan aritu direlako. Arabatik ere zale batzuk hurbildu ziren eta bukaeran burumakur atera ziren.

Tabernetako aulkietan hitz eta pitz:

Ostirala, gauez eta gainera futbol eta saski-baloiko partidak. Biak ikusteko tabernetan joan beharra dago eta mokadua hartu. 

"Ikusiko dugu gaur ea zer egiten dugun. Vila-realen beti emaitzak onak lortu ditugu. Ea gaur gauza bera gertatzen den. Atzealdean sendo jokatuz gero seguru aukera izango dugula."

"Bada, badirudi ondo hasi direla. Ondo hori badela ondo hastea, lehendabiziko hutsa atzealdean eta 1-0. Ezinezkoa. Entrenatzaileak ez al du esaten atzealdean ondo egon behar dela irabazteko? Bada, hor duzu lehendabiziko zaplaztekoa".

"Ia-ia ezer egin gabe joan zaigu lehen zatia. Taldea ondo dago baina gola falta zaigu. Aurrealdean ez dugu ezertxo ere egiten".

" Hori da hori, zer nolako gola sartu duen Lucas Perezek. Berdinketa, hemen izango dugu aukera partida irabazteko".

"Taldea ondo ari da. Ikusiko dugu ez zorte pitin bat izaten dugun bigarrena egiteko. Gutxienez, joko alaia egiten ari dira".

"Berriz ere, belarrondokoa! Haiek bigarrena. Zirrikitu txikia utziz gero gola egiten dizute. Guk, ordea, gola egiteko behar ditugu milaka aukera".

"Baina, zer da hau? Taldea behera joan da. Ai ene! Eskerrak Baskonia irabazten ari den. Hemen dagoeneko dena egina".

"Hirugarrena partida bukaeran. Ze pena! Taldeak ez du gaizki jokatu. Baina. Falta zaiguna orain laugarrena. Akabo fandango".

"Uf!, hurrengo partida Mendin eta gainera Atletico Madrilen kontra. Gorriak ikusten hasiko gara".

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide