Hizkuntza gutxituetako ordezkari indigenak Araban

Erredakzioa 2019ko urr. 28a, 10:36

Munduko 10 hizkuntza gutxitutako ordezkari indigenak Araban. / Argazkia: Garabide Elkartea

Garabide Elkarteak antolatutako Hizkuntza Gidaritzari Buruzko Ikastaldiaren baitan, munduko hamar hizkuntza gutxitutako ordezkari indigenek hilabete igaro dute Euskal Herrian. Araban ere izan dira.

Nazio Batuen Erakundeak Hizkuntza Indigenen Nazioarteko Urtea izendatu duen honetan Garabide Elkarteak bere ekimenak ugaritu ditu eta, bereziki, formazio proiektuak indartu ditu. Horien artean, irailaren 30etik martxan izan da Hizkuntza Gidaritzari Buruzko Ikastaldia. Urriaren 30era arte luzatuko da, beraz, azken txanpa egingo du aste honetan.

Hilabetez Euskal Herrian izan diren 16 partaide indigena hauek euren herrietan gidaritza perfila dute -kargu instituzionalak, politikariak...- eta 180 orduko formazio intentsiboa jaso dute hizkuntzak biziberritzeko gidaritzan.

Guztira 10 hizkuntza gutxiagotutako 16 kide izan dira Garabide Elkartearekin elkarlanean: Kitxua (Ekuador), Nasa (Kolonbia), Kaqchikel (Guatemala), Nawat (Mexiko), Yukatango Maia (Mexiko), Amazigh (Rif, Maroko), Maputxe (Txile), Aimara (Bolibia), Guarania (Bolibia) eta Kiche (Guatemala).

Euskal Herrian izan diren 16 partaide indigenek gidaritza perfila dute euren herrietan. / Argazkia: Garabide

 

Ikastaldia hizkuntzen biziberritze estrategietan zentratuta egon da eta hiru alor barnebiltzen ditu: batetik, atal teorikoan, euskalgintzako eta instituzioetako 16 aditu izan dituzte irakasle, hizkuntzaren alde nola egin daitekeen azaltzeko, alorrez-alor: hedabideak, hezkuntza, lan alorra…

Bestetik, alde praktikoan19 irteera didaktikorekin osatzen ari da programa akademikoa, euskararen biziberritzerako ekimenak nola sortu ziren ezagutzeko eta euskararen biziberritzean jokatzen duten paperaz jabetzeko: ikastolak, euskara elkarteak, euskara planak, tokiko komunikabideak...

Eta hirugarrenik, Garabide Elkarteak azaldu duen bezala, Ikastaldiak "Euskal Herria bustitzea" du xede eta, horretarako, 10 sentsibilizazio ekintza antolatu dira, euskal jendartearen eta munduko hizkuntza gutxituetako ordezkarien artean "ukitze puntuak bilatu eta gizarte aktibazioan" eragiteko.

180 orduko formazio intentsiboa jaso dute hizkuntzak biziberritzeko gidaritzan. / Argazkia: Garabide

 

Araba, euskararen biziberritzearen lekuko

Garabide Elkartearen arabera, "Euskal Herrian ezin da ukatu euskararen biziberritzeari dagokionez Arabak duen garrantzia". Horregatik, Ikastaldiaren hiru alorretan presentzia nabarmena izan du herrialdeak.

Adibidez, alde teorikoan, Garabideko lehendakari Iñaki Martinez de Luna aritu da irakasle moduan.

Irteera didaktikoei dagokionez, urriaren 15ean Aiaraldea Ekintzen Faktoria ezagutu zuen taldeak. Gartzen Garaiok azaldu zien moduan, "eskualdean eraldaketa soziala euskaratik eta euskaraz bultzatzeko tresna" gisa sortu den proiektua da Ekintzen Faktoria. Horrekin batera, Laudioko Udalean ere harrera egin zieten.

Urriaren 15ean Aiaraldea Ekintzen Faktoria ezagutu zuen. / Argazkia: Garabide

 

Bazkalondoan, Gasteizen Oihaneder Euskararen Etxea nola sortu eta garatu zen ikastearekin batera, hirian euskara sustatzeko ekintzen berri eman zien Iñaki Lazkanok.

Sentsibilizazio ekintzei begira, urriaren 14an, EHUko Letren Fakultatean 150 ikaslerekin solasaldi emankorrean aritu ziren Mexikoko Yukatango maia hizkuntzaren bi ordezkari, Oscar Chan eta Socorro Cauich. Azken honi Yuuyum irratian egiten duen lanaz galdetu ziotenean xamur bezain irmo erantzun zuen: "Gure hizkuntzan komunikatzea duintasun eta askapen ariketa minimoa da, gure hedabideek ezinbestean jartzen dute zalantzan hegemonia, eraldaketa sozialerako tresna dira".

Saio horretan bertan, Yukatango maia hizkuntzaren biziberritzea biltzen duen Waye dokumentala aurkeztu zen Araban. Dokumentalaren egileak Irati Briñas, Egoitz D. Ibargoitia eta Andoni Marquinez gazte arabarrak dira.

Aktibazio sozialerako azken ekintza Hizkuntza Gutxituak: iraun ala bizi hitzaldi sorta da, Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean hiru zita biltzen dituena, puntako hiruna hizlarirekin. Horietako lehena irailaren 24ean izan zen Egindakoaren kontzientzia izan izenburupean. Beste biak, Ikastaldiaren azken txanpan izango dira. Bigarrenak Oraina sentitu izango du lelo, asteartean, urriaren 29an. Eta hirugarrenean, etorkizunera begira jarriko dira azaroaren 26an, Egin beharrekoak definitu izenburupean.

EHUko Letren Fakultatean 150 ikaslerekin solasaldi emankorrean aritu ziren. Argazkia: Garabide

 

Urria, "ezin oparoagoa"

Hizkuntza gutxituek "topaleku eskas" dituztela, baina aurtengo urria "gure hizkuntzen biziberritze esperientzien trukean aritzeko ezin oparoagoa" suertatzen ari dela diote Garabideko lagunek, "nork bere etxean egindako bidea munduko auzolanera zabaltzeko".

Gehiago jakin nahi duenarentzat bizipen eta hausnarketen berri idatziz eta bideoan ematen dute astelehenero Garabideren webgunean egindako kroniketan. Egunerokoan, gainera, Facebooken eta Twitterren ere aktibo daude. Eta gainera, Ainhoa Moron irundar gasteiztartuak ere bloga elikatzen du.

Garabide Elkartea hizkuntza lankidetzarako Gobernuz Kanpoko Erakundea da. Beraz, kooperazioan lan egiten du, baina lankidetza hori "hizkuntzatik abiatzea" da proposatzen duen berrikuntza. Eta horretan aritu da buru-belarri lanean 2005etik, munduko "hizkuntza gutxituen arteko zubigile lanetan", beraiek azaltzen duten bezala.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago