Tuboplast Hispania CTL-TH Packaging Taldearen parte den Arabako enpresa bat da, kosmetikaren eta farmaziaren sektorerako plastikozko hodiak ekoizten dituena, batez ere. Araban 400 bat langile ditu.
Ia bi urte igaro dira aurreko hitzarmen kolektiboa -2014 eta 2017 urteen bitartekoa- amaitu zenetik, eta gaur egun "erabateko immobilismo eta blokeo egoeran" daudela salatu dute.
Orduan, 2018, 2019 eta 2020 urteetarako, urtero soldataren %2ko igoera proposatu zuen enpresa batzordeak. Gainera, lanaldiaren murrizketa, kontziliaziorako neurriak eta lan-legerian jasotako baldintzetara egokitzea ere proposatu zuten.
Aurreko hitzarmen kolektiboan "sakrifizio handiak" egin zituztela diote langileek, izan ere, hitzarmenak soldata izoztea eta lanaldia handitzea jasotzen zuen, "egindako inbertsio berriei eta lantegian enpleguari eusteari laguntzeko".
Mobilizazioak 2018ko azarotik
Aldarrikapen horiei buruzko "negozioazio serio bat" hasteko borondate falta salatu du enpresa batzordeak. Eta egoera hori salatzeko, 2018ko azarotik, ostiralero elkarretaratzeak egiten ari dira enpresaren atarian. Mobilizazioekin jarraitzen dute, gaur egun ere.
Hurrengoa, larunbatean, urriaren 26an, 19.00etan Andre Maria Zuriaren plazan egingo duten elkarretaratzea izango da.
Era berean, ostegunean, urriaren 31n, enpresa atzeko atean bilduko dira berriro. Bestalde, azaroaren 7an, auto karabana bat egingo dute hiriaren erdialdean. Mobilizazioen ondoren enpresaren "erantzun positiborik" lortzen ez badute, azarorako eta abendurako ekintza egutegi berri bat ezarriko dutela azaldu dute.