Luis Salgado izango da Antxon Belakorturen ordezkoa Batzar Nagusietan

Erredakzioa 2019ko urr. 25a, 09:20

Luis Salgado EH Bilduko prokuradorea izan da azken bi legealdietan. / Argazkia: Alternatiba

Gaur goizean jakinarazi du EH Bilduk: Salgadok Belakortu ordezkatuko du EH Bilduko batzarkide taldean, azken honek bere karguari uko egin ostean. 

Aste honetan bertan, Antxon Belakortuk bere karguari uko egin diola jakinarazi du, ia 20 urteko ibilbidearen ostean. Horietako 18 zinegotzi bezala eman ditu Gasteizko Udalean.

Maiatzeko hauteskundeetan Arabako Batzar Nagusietarako aurkeztu zuen bere burua, EH Bildurekin, baina bost hilabeteren ostean kargua uztea erabaki du.

Bestalde, Luis Salgado Gasteizen jaio zen 1973. urtean, eta 20 urte baino gehiagoz metalaren sektorean lan egin ostean, merkataritza eta kultura establezimendu bat kudeatzen duela azaldu du EH Bilduk.

Arabako Batzar Nagusietan aritua da Salgado, izan ere, EH Bilduko prokuradorea izan da azken bi legealdietan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago