Erremolatxaren landaketa, airean

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2019ko urr. 23a, 15:14

Erremolatxa landatzeari utziko diote Arabako nekazariek. UAGA

Tonako 26 euro eskaini du Azucarerak, gehi osagarri bat azukreak nazioarteko merkatuetan lortzen duen prezioaren arabera. Arabako nekazariek diote prezio horrekin ez dituztela kostuak berdinduko.

Hasi berria den erremolatxaren kanpaina azkena izan daiteke Araban. Izan ere, Miranda Ebroko (Burgos, Espainia) Azucarera enpresak hurrengo kanpainarako finkatu duen prezioa "ez da nahikoa landaketaren kostuak berdintzeko"; eta UAGAko nekazariek adostu dute erremolatxa gehiago ez landatzea. 

Azucarerak tonako 26 euro eskaini ditu, gehi osagarri bat azukreak nazioarteko merkatuetan lortzen duen prezioaren arabera. Nekazarien kalkuluen arabera, berriz, prezio horretan hektarea bakoitzeko 500 euroko galerak izango lituzkete. "Gainera, osagarriaren prezioa ez dute zehaztu, eta azken egunotan beherantza doa", esan du sindikatuak.

Erremolatxa landatzen duten 94 ustiategik osatzen dute nekazarien sindikatuaren taldea, eta Mirandako fabrikan jarduten duen kolektibo handiena da. Izan ere, Azucarerak aurten kontratatu duen azaleraren %34,5 UAGA sindikatuko nekazariena da. Beraz, ereintzak utziz gero, fabrikaren etorkizuna ere baldintzatuta egongo litzateke. 

Santi Lopez de Agileta UAGAko  batzar sektorialaren kideak azaldu duenez, Azucarerak egin duen eskaintzarekin "landatzeko gogo gabe" gaude. "Ikusten ari gara ez ditugula kostuak berdinduko, eta horrela ezingo dugula erremolatxarekin jarraitu". Hortaz, multinazionalari negoziazioari berriz ekiteko eskatu dio.

Raul Beitia sindikatuko erremolatxa sektorearen lehendakariak adierazi duenez,erremolatxa landatzen jarraitu nahi dute "baina ez edozein preziotan". Beitiak azpimarratu du sektoreak inbertsio handiak egin dituela azken urteetan British Sugar multinazionalarekin lortutako akordioa betetzeko, eta ez dutela onartuko aldebakarreko erabakia. Tonako 30 euro ordaintzea eskatzen dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago