Arabako toki erakundeek ia 4 milioi euro gehiagorekin itxiko dute urtea

Erredakzioa 2019ko urr. 23a, 08:30

Korres, airetik ikusita. / Argazkia: Arabako Foru Aldundia

Arabako Toki Administrazioaren eta Finantzen Lurralde Kontseiluaren (ATAFLK) aste honetako bileran, kuadrilla, udal eta administrazio batzarren baliabideak %2,5 haziko direla kalkulatu da.

Astelehenean egin zuen ATAFLKak legegintzaldiko lehenengo bilera, eta Itziar Gonzalo Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Saileko diputatuak jakinarazitakoaren arabera, ekitaldi honetarako, aurreikusi baino 3,9 milioi euro gehiago izango dituzte Arabako toki erakundeek. 

2020rako aurreikuspenei dagokienez, toki erakundeentzako baliabideek gora egingo dute bosgarren urtez jarraian eta Toki Erakundeak Finantzatzeko Foru Funtsa (TEFFF) 235,8 milioi eurora iritsiko da, 2019an baino 1,9 milioi gehiago.

Bestela esanda, kuadrillek, udalek eta administrazio batzarrek baliabide gehiago izango dituzte, hots, %2,5 gehiago, udal eta tokiko aurrekontuak egiteko.

Bestalde, Lurralde Kontseiluan, Irma Basterra Lurralde Orekaren Saileko diputatuak, 2019ko Obra eta Zerbitzuen Planerako hornidura ere handiagoa izango dela baieztatu zuen, 16,4 milioi eurokoa, hain zuzen ere.

Hala ere, aurreikuspenak aurreikuspen, Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak 2020ko otsailean egingo du hurrengo bilera, eta orduan ezagutuko dira 2019ko ekitaldiaren itxierako benetako datuak zein baliabideak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago