EAJk irabaziko lituzke Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) azaroaren 10eko hauteskunde orokorrak orain egingo balira, Espainiako Kongresurako zazpi diputatu lortuta, apirilaren 28ko bozetan lortu zituenak baino bat gehiago. Halaber, EH Bilduk eta PSEk launa ordezkari eskuratuko lituzkete, eta Elkarrekin Podemosek bat galduko luke, hirurekin geratzeko. PPk ez luke ordezkaritzarik lortuko, Eusko Jaurlaritzak egindako hauteskundeetarako boto aurreikuspenari buruzko azterlanaren arabera.
Araban agertoki politikoa bere horretan mantenduko da. EAJ lehengo indarra izango litzateke, PSE bigarrena, Elkarrekin Podemos hirugarrena eta EH Bildu laugarrena. Apirileko emaitza errepikatuko litzateke eta PPk ez luke ordezkaririk lortuko. Dena den, azken aurreikuspen hori alda daiteke, lehia estuan geratuko baita berriro ere eserleku bat, EH Bilduren eta PPren artean. Mari Mar Blancoren hautagaitza abertzaleen koaliziotik hamarren batera geratuko da, eta horrenbestez aukera izango luke Javier Marotok apirilean 300 botogatik galdu zuen tokia berreskuratzeko.
Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak urriaren 1etik 9ra egin zituen boto-asmoari buruzko inkesta, 2.170 elkarrizketa eginda (1.022 Bizkaian, 658 Gipuzkoan eta 490 Araban). Hauteskunde orokorrei buruz galdetzeaz gain, EAEko hauteskunde autonomikoen inguruan ere galdetu diete herritarrei. Horiei dagokienez, EAJ 28 legebiltzarkidetik 30era igoko litzateke; PSE-EEk hiru ordezkari irabaziko lituzke, (9tik 12ra igoko litzateke); EH Bilduk bat galduko luke, 18tik 17ra jaitsiz; Elkarrekin Podemos bederatzirekin geratuko litzakete, bi galduta; eta PP bederatzitik zazpira jaitsiko litzateke.