Alavesek behar-beharrezkoak ziren hiru puntuak eskuratu ditu

Ibon Gorrisi 2019ko urr. 21a, 08:08
Partida joan-etorrian zegoelarik, etorri da Alavesen bigarren gola. / ALAVES

Joko handirik egin gabe bi eta huts nagusitu da Celtaren aurka.

Alaves kinka larrian zebilen eta hiru puntuak eskuratzea behar-beharrezkoa zen. Horrexegatik, Mendizorrotza futbol zelaian Celtaren aurka lorturiko garaipena balio handikoa baita. Joko handirik egin gabe irabazi dio talde galiziarrari.

Talde arabarra urduri xamar sartu da partidan. Jokoaren ekimena Celtaren eskutan utzi du eta atzean sartu da. Berehala ailegatu da galiziarren lehen aukera, izan ere, 11. minutuan epaileak balekoa eman du Santi Minak egindako gola. Halere, Bideo Epaile Laguntzaileak bertan behera utzi du jokaldia eta husnako berdinketarekin jarraitu dugu. 35. minutuan, berriz ere, epaileak Alaves taldearen aldeko penaltia adierazi du. Berriz ere, bideoak erakutsi du Rafinhak ez duela eskuarekin baloia urrundu.

Handik aurrera Alaves berpiztu da eta horren ondorioz Joseluk aukera paregabe izan du gola egiteko. Luis Riojak ezkerretik erdiraketa egin du eta Joseluk, bakar bakarrik area txikian, langara bidali du balioa. A zer nolako aukera!

Bigarren zatia hasi bezain pronto Magallan atzelariak burukada ikaragarria eginez saretara bidali du baloia. Gol honek lasaitasuna eman dio taldeari eta lehia neurria hartu dio. Celtak markagailuan atzean zegoela ikusirik lerroak aurreratu ditu berdinketa lortu ahal izateko. Hori baliatu du Alavesek kontraerasora ateratzeko. Atzealdean ondo aritu da talde arabarra eta ez du inongo zirrikiturik utzi.

Partida joan-etorrian zegoelarik, etorri da Alavesen bigarren gola. Berriz ere, erdiraketa ezker aldetik egin du Aleix Vidalek eta, nola ez, Lucas Perezek jaurtiketa bortitza eginez baloia saretara bidali du. Hor amaitu da lehia. Celtak zerbait egin nahi izan du baina etsita zegoen.

Taldeak behar zituen puntuak, izan ere, ligan azken sei partidetatik lau galdu egin ditu eta etxean jokaturiko Mallorca eta Celtaren aurka irabazi ditu. Oso garrantzitsua da etxean puntuak pilatzea, batez ere, kanpoan ez badituzu lortzen. Hurrengo lehia ostiralean izango da Vila-real taldearen aurka. Puntuak eskuratzeko unea izan daiteke.

Alaves. Pacheo; Martin, Laguardia, Magallan, Duarte, Aleix Vidal, Manu, Wakaso, Luis Rioja (71’. Pere Pons), Lucas Perez (93’. Guidetti), Joselu (78’. Burke).

Txartel horiak: 30’. Wakaso, 38’. Duarte, 48’. Manu, 85’ Magallan, 90’. Lucas Perez.

Celta: Ruben Blanco; Hugo Mallo (47.’ David Costas), Aidoo, Jorge Saenz, Junca (78’. Pione Sisto); Rafinha, Lobotka, Okay (59’. Brais), Denis Suarez; Aspas eta Mina.

Txartel horiak: 25’. Junca

Golak:

1-0: 49’. Magallan
2-0: 82’. Lucas Pérez

Mendizorrotza futbol zelaiko harmailak:

16.584 ikusle bildu dira Mendizorrotza futbol zelaian. Ohi bezala giro paregabea. Kiroldegiko harmailetan biltzen diren zaleak une oro taldea animatzen aritzen dira, atsedenik gabe. Galiziatik etorritako zaleak ere festa giroan izan dira. Bukaeran, Alaveseko jokalariek emandako aupadak txalotu dituzte.
 
Harmailetan hitz eta pitz

Eguerdiko hamabietan harmailak ia-ia beterik. Hika mika ari dira partida hasi aurretik eta hona hemen adierazitako esaldi esanguratsuenak:

     
"Gaur bai ala bai, irabazi behar da. Bestela jai, putzura, zulora"."Hamaikako itxurosoa, gutxienez, betiko jokalariak eta ikusi behar Magallan atzelariak zer ematen digun".

"Beno, beti bezala ekin diogu partidari, atzean sarturik. Helburua golik ez jasotzea. Baina guk golak behar ditugu".

"Hau sustoa hau! Eskerrak VAR gure alde atera dela, bestela huts eta bat eta galbidean, berriz ere".
"Ze joko gutxi egiten dugun! Ez dugu aurrera egiten, beti atzean sarturik. Horrek ez digu gauza onik ekarriko".

"Ene! Joseluk egin duen hutsa. Hor zegoen bakar bakarrik, ez atezainik, ez atzelaririk. A zer nolako gola huts egin duen. Bultzatu besterik ez zuen egin behar saretara bidaltzeko eta langara bidali du".
"Beno, lehen zatia berdinketarekin amaitu da. Eskerrak".

"Magallan, Magallan, hori da hori burukada ederra! Gola, gola horixe behar dugu. Garaipenaren bidean. Hiru puntuak, zulotik ateratzeko".

"Orain bai, orain ondo ari da taldea. Kontraerasora. Celta pitin bat lehen zatian baina orain hutsaren hurrengoa".

"Bigarren gola, Lucas Perez. Jokalaririk onena, dudarik gabe. Berak erasoan gutxienez zerbait egin du".

"Beno, aurrera Alaves, hiru puntuak eta orain etxetik kanpo falta zaigu, puntuak lortzea".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide