Mendira irteera eta rap feminista tailerra, asteburuko ekintzen artean

Erredakzioa 2019ko urr. 18a, 12:12
La Basu rapera Zigoitian izango da, rap feminista tailerra eskaintzen.

Larunbatean, besteak beste, jostailu ez sexistak sortzeko tailerra izango da Izarran, eta Kanpezuko kaleak girotuko ditu Joaldun Festak. Igandean, Kontukantari familientzako ikuskizuna izango da, Dulantzin.

Ate joka dago asteburua berriro ere, eta hamaika ekintza ditu prest Euskararen Agendak.

Gaur bertan, besteak beste, rap feminista tailerra antolatu dute Zigoitian, 18:30ean, La Basu-ren eskutik. Hamaika urtetik gorakoentzat zuzenduta dago, eta Beldur Barik 2019 dinamikaren barruan prestatu dute. Sarrerak erosteko garaiz ibili direnek, Berri Txarrak taldearen kontzertuaz gozatzeko aukera izango dute, Amurrioko Burubio Kultur Elkartean, iluntzeko bederatzietatik aurrera. Taldeak Ikusi Arte Tourraren barruan eskainiko dituen kontzertu txikietako bat izango da gaurkoa.

Larunbatean, etxeko txikienek -eta ez hain txikiek- jostailu ez sexistak sortzeko aukera izango dute Izarrako Kultur Etxean antolatu duten tailerrean. 10:00etan hasiko da, eta hiru urtetik gorako umeei zuzenduta dago, familiarekin batera. Egun osoko egitaraua prestatu dute, bestalde, Kanpezun, Joaldun Festa dela eta. Tartean, joaldunen elkarretaratzea, erromeria eta bazkari herrikoia izango dira herriko kaleetan zehar.

Horrez gain, GEUrekin mendira taldeko lagunek Lokiz (San Kosme eta San Damian) ingurura irteera antolatu dute iganderako. Mendizorrotzako aparkalekutik abiatuko dira, 8:30ean. Arratsaldean, familientzako musika txotxongiloekin izango da Dulantzin, Fusionarte egitarauaren barruan. 18:00etan hasiko da Kontukantari ikuskizuna.

Hau aste bukaeran izango diren ekintzen lagin bat besterik ez da. Hitzordu gehiago ikusi nahi izanez gero, joan Euskararen Agenda atalera eta kuxkuxeatu!

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide