Bizilagunak, zurrumurru arrazista eta xenofoboak uxatzeko

Erredakzioa 2019ko azaroaren 15a

Urtero, ekimenean parte hartzen dute Judimendiko gazteek. / Argazkia: Bizilagunak Araba

Igandean izango da Bizilagunak Araba ekimenaren aurtengo edizioa. 

"Uxatu zurrumurru arrazista eta xenofoboak, baztertu ideia grisak eta zabaldu etxeko ateak kolore eta zaporez beteriko bazkari goxo bati! Ez utzi endredatzen! Izan Bizilaguna eta animatu!".

Arabako hainbat etxe eta txokotan jatorri kultural ezberdinetako familiak batuko dira igandean, azaroak 17, bazkaria partekatzeko eta zurrumurru arrazista eta xenofoboak alde batera uzteko, kultura arteko bizikidetzaren alde. Besteak beste, honako udalerri hauetan egingo dira bazkariak: Santikurutze Kanpezu, Arraia-Maeztu, Amurrio, Laudio, Artziniega, Agurain, Araia, Dulantzi eta Gasteizen.

CEAR-Euskadiko kide Virginia Cidek hitzordu horien garrantzia azpimarratu du: "Gezurrezko zurrumurru arrazistak, diskurtso politiko populistak eta xenofobiaz betetako iritzi publikoa ari gara bizitzen une hauetan. Horregatik, Bizilagunak ekimenak sekulako garrantzia du kultura-aniztasunerako espazioak sortzeko iniziatiba komunitario eta kolektibo gisa. Horrez gain, ekintza politiko bat da kultura-nahasketaren alde eta diskriminazioaren aurka".

Elkar ezagutzeko aukerak eskaini nahi dituzte, kultura ezberdinen arteko pertsonen artean murgiltzeko eta elkarbizitza sustatzeko. Loturak sortu nahi dituzte "Araban bizitzea erabaki dugunon artean, gure jatorria edozein izanda ere".

Aurreko urtean, Euskal Herri osoan, 58 herritako 2.542 lagun baino gehiagok 127 etxe eta txokotan elkarrekin bazkaldu zuten, eta urtero gero eta jende gehiago animatzen dela azaldu du.


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago