Gure bazterrak

Otso-zuloak, milurteko borrokaren lekukoak

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2019ko urr. 20a, 06:00

Otsoaren eta gizakiaren arteko borrokak milurteko ondarea utzi du Araba zabalean. Otso-zuloak dira animalia harrapatzeko eraikitako harrizko tranpak; gehienak ia desagerturik daude, sasien artean.

Aiarako eta Añanako egungo lurrak lotzen dituzten mendietan jazo dira otso-zuloen inguruko aztarna nagusiak, Gorobel, Gibijo eta Arkamu mendilerroen artean, hain zuzen. Felix Murga arkeologo eta etnografoak tranpa horien azterketa sakona egiten lehenengoetakoa izan zen, eta horren emaitza katalogo batean argitaratu zuen, 1978an. Horretan jaso zuen hamahirutik sei gutxienez zonalde horretan daudela, Araban eta Burgosko mugan. Halaber, Kobie aldizkarian La caza del lobo en ¡lava; la lobera de BarrÛn y Ordenanza de corridas de lobos en Archua artikulua idatzi zuen.

Ezaugarri komunak dituzte otso-zuloek: pareta luzeak, zulo bat eta txabola txiki batzuk otso-zuloaren barruan, animalia sartzen zenean atzera egin ez zezan. Oihuak, makilak eta txakurrak erabiliz eta zarata handia eginez, ehundik gora gizonek otsoak eramaten zituzten tranpa aldera; hormek ihesa galarazten zieten otsoei, eta aurrera joanik zuloan erortzen ziren eta han hiltzen zituzten.

Uxaldietara joateko obligazioa zuten herriek. Beraz, isunak ezartzen zitzaizkien parte hartzen ez zutenei, eta herri-larretan zituzten eskubideak ere galdu zitzaketen. Hala gertatu zen, adibidez, Abornikanon eta Lukianon, Badaiako mendilerroan bazkatzeko eskubideak galdu zituztela.

Araba mendebaldeko otso-zuloen aztarnak ez dira erraz aurkitzen. Abezia, Uzkiano, Goiuri, Unza eta Oiardo herrien artean dagoen Arangatxas izeneko pagadi eder batean ezkutaturik dago Gibiljokoa, herrialdeko handiena. Paretak nahiko ondo gorde dira, 330 metro inguruko luzera dute, eta zuloak 44,27 metro koadro. 1931. urtean erabili zuten azkenekoz.

Barrongo otso-zuloa, berriz, Arkamuko mendilerroan dago, eta XVI. mendean eraiki zuten, adarrekin eta txillarrarekin eraikitako zahar baten gainean. Lakozmonteko Ermandadeko herri guztiek parte hartu zuten eraikuntzan, eta otsoen ehiza egiteko araudi zehatza ere bazuten. Barrongo tranparen paretek hiru metroko altuera eta 150 metroko luzera dute, eta zuloak 20 metro koadro inguru. Paretara itsatsita hiru txabola txikiren aztarnak atzeman daitezke. 1955. urtean harrapatu zuten azken aldiz otso bat tranpan.

Arabako bi otso-zulo ezagun horietaz gainera, Mendialdean ere otsoaren presentzia nabarmena zen. Horren lekuko dira 1562 eta 1700 urteen artean hil zituzten 234 otso eta harrapatu zituzten 337 kumaldi. Otsoak harrapatzeko zepoak erabiltzen zituzten, baina baita otso-zuloak ere. 

Izan ere, Arraia-Maeztuko Udalak Isidro Saenz de Urturi ikertzailearen lana berreskuratu du, eta udalerriko otso-zuloak nabarmentzeko argibide-taulak jarri ditu, Erroetan, Apinaizen, eta Birgaragoienen. Lehenengo biak tranpa naturalak dira; Apinaizkoa herritik hurbil dago, Unzarrate ingurunean; bertan dagoen sei metro altuerako amildegia baliatzen zuten ingurukoek animalia bertara eramateko eta hiltzeko. Erroetako otso-zuloak, berriz, 50 metroko luzera duen haitzen arteko bidea aprobetxatzen du, eta amaieran erraz itxi daitekeen hertsigunea dago.  Birgaragoiengoa, aldiz, artifiziala da, bi pareta eta zulo bat dituena. Behin otsoa zulora erori denean, han akabatzen zuten.

Otso baten harrapaketa edo hilketa gertaera handia zen Arabako herrietan, eta jaia antolatzen zuten uxaldia ospatzeko. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago