Gazte Talent lehiaketan parte hartzeko epea zabalik da

Erredakzioa 2019ko urr. 16a, 12:38
Gazte Talent Sarien 2018ko edizioa. / Argazkia: Delenda Est

Bosgarren aldiz antolatu du Jimmy Jazz elkarteak Arabako bakarlari eta musika talde gazteen lehiaketa.  Finalistak abenduaren 3an eta 4an igoko dira oholtzara.

Iragan urriaren 7tik azaroaren 18ra arte aurkezteko aukera dago eta dagoeneko publiko egin dituzte oinarriak Jimmy Jazz aretoaren webgunean.

Gasteizko Udaleko Gazteria Zerbitzuaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Laboral Kutxaren laguntzarekin antolatu dute aurtengo edizioa, eta 14 eta 35 urte bitarteko gazteek parte hartu dezakete, baldin eta Arabako Lurralde Historikoan edo Trebiñuko Konderrian bizi badira.

Lehiaketak bi fase izango ditu. Lehenik eta behin, lanen aurkezpena eta aukeraketa, azaroaren 18ra arte. Ondoren, batzorde batek bost talde finalista hautatuko ditu lehiaketako kategoria bakoitzean. Azaroaren 25ean jakinaraziko zaie hamar talde finalistei, antolatzaileek azaldu duten bezala.

Eta azkenik, finalak. Abenduaren 3an, Laboral Kutxa Gazte Talent Sariaren txanda izango da, 25 eta 35 urte bitarteko gazteentzat. Eta abenduaren 4an, Gazte Talent Sariarena, 14 eta 24 urte bitarteko gazteentzat.

10 talde finalistek 30 minutu inguruko kontzertua prestatu beharko dute, epaimahaiaren aurrean zuzeneko emanaldia emateko.

Sariak

Talde finalista guztiek 200 euroko saria jasoko dute finalean parte hartzeagatik, baina beste sari batzuk ere egongo dira:

  • Gazte Talent kategoriako irabazleak 1000 euro eskuratuko ditu.
  • Laboral Kutxa Gazte Talent kategoriako irabazleak 1000 euro eskuratuko ditu.
  • Accesita euskarazko talde edo bakarlari onenarentzat: 500 euroko zuzkidura sari moduan eta Araba Euskaraz jaialdian jotzeko aukera. Talderik onena hautatuko da lehiaketako bi kategorien artean.
  • Accesita emakumeak tartean dituen talde edo bakarlari onenarentzat: 500 euroko zuzkidura sari moduan eta Gasteizko Udalak Andra Maria Zuriaren jaietan antolatutako kontzertuetan jotzeko aukera (Falerina Lorategian). Talderik onena hautatuko da lehiaketako bi kategorien artean.

Epaimahaiak abenduan ezagutaraziko du bere erabakia. Eta sailkatutako talde guztiek lehiaketan ematen duten kontzertuaren "kalitate handiko grabazioa" jasoko dute sari moduan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide