Netflix plataformaren harpidedunak aukera du nahi beste pelikula dohainik ikusteko hilabeteroko kuota ordaindu ondoren. Benetan harrigarria teknologiaren aurrerapenak, hamaika euroren truke zinea etxean duzu eta! Baina, denak du bere baina.
Netflix plataforma honek konpetentzia izugarria egiten die zinema aretoei, eta nahiz eta zinema enpresek hamaika ahalegin egin, asko desagertuko dira interneten bidez pelikula ikusteko aukerak zabalagoak eta merkeagoak direlako. Egia da zinemak eskeintzen duen zerbitzuak, gela zabalak, pantailaren tamainak, irudiaren eta soinuaren kalitateak, zinemara joatea suposatzen duen errituak... ez duela eskaintzen etxeko telebistaren bidez Netflix moduko plataforma batek, baina egia da, baita ere, internetek aukera ematen duela edozein unetan pelikula ikusteko, etxeko erosotasunean, pelikulen katalogoa oso zabala dela, pelikulen kalitatea egunez egun hobetzen doala eta, azkenik, askoz merkeago ateratzen dela. Zineman lau pelikula hilabetero ikustea hogeitamabi euro diren bitartean, hamaika euroren truke egunero ikus dezakezu nahi duzun beste pelikula, beraz, aldea nabarmena da kostuaren ikuspuntutik.
Hala ere, egoera honek teknologiaren eraginak beste begirada batetik aztertzeko parada ematen dit. Max Tegmark bere Vida 3.0 liburuan goi-mailako klaseen eta beheko klaseen arteko arrakala ekonomikoaren arrazoien artean teknologiaren eraginarena azaltzen du. AEBetako familien diru sarreren kopurua igo egin zen 1970. hamarkadara arte, bai errenta handikoen zein behekoen artean. Harrezkero, lehengoen errenta goraka besterik egin ez duen bitartean, mantendu egin dira bere horretan langile-klasearenak. Teknologiak kualifikazio handiko langileak eskatzen ditu eta formazio dutenak izango dira soldata altuenak jasoko dituztenak eta, ordea, kualifikazio gutxiko langileen soldatak, azken buruan, mantenduko dira edo, askotan gertatzen den erara, beherantz joko dute.
Ondorioa argia da: goi mailako tituludun langileen soldata %25 igo den bitartean, bigarren hezkuntza maila lortu ez duten langileen soldata jeitsi egin da %30. Bestalde, 2000. urtetik aurrera enpresen errenten zati handiena jabeen eskutara joan da automatizazioaren prozesuak gero eta hedatuak direlako, eta, prozesuen digitalizazioa aurrera joango den heinean, areagotu besterik ez du egingo joera honek ezberdintasunaren amildegia. Teknologiaren aurka ekin, Ingalaterran industriaren lehenengo iraultzan lutistek egin zuten moduan, edo teknologia sustatu? Zelan orekatu aberatsen eta pobreen arteko arraila onartezina? Politika fiskal berri bat Pikettyk proposatzen duenaren erara non ezinbestekoa litzatekeen kapitalari beste zerga bat ezartzea? Egin daiteke horrelako politika fiskal bat herri batean, demagun Espainian edo Europako Batasunean, mundu guztiko herrietan ez bada batera aurrera eramaten eta zerga-paradisuak desagertzen ez diren bitartean? Zientzia ekonomikoa baino ekonomia politikoa?