Katalunia

Kataluniako erreferenduma zigortu duen epaiaren kontrako mobilizazioak Araban

Erredakzioa 2019ko urr. 14a, 11:22
Erreferenduma delitu ez dela aldarrikatzeko elkarretaratzeak deitu ditu Gure Esku Dagok / Argazkia: Alea

Gure Esku Dago ekimenak elkarretaratzeak deitu ditu arratsalderako Euskal Herriko herri eta auzoetako plazetan, Auzitegi Gorenaren sententzia salatzeko. Arabako herri ezberdinetan ere deialdiak egin dituzte.

Azken egunetako filtrazioak konfirmatu dira. Sedizio delitua egotzita, espetxe zigor luzeak ezarri dizkie Espainiako Auzitegi Gorenak bederatzi buruzagi independentistei, 9 eta 13 urte bitartean.

2017ko urriaren 1eko erreferenduma antolatzeagatik epaituak izan dira eta zigor handienak Oriol Junquerasi eta Generalitateko kontseilari zirenei ezarri dizkie. Beste hiru buruzagiei desobedientziagatik zigortu dituzte eta ez dira espetxera joango. Gaitasungabetzeak ere ezarri ditu Auzitegi Gorenak:

  • Oriol Junqueras: Generalitateko presidenteorde zenari 13 urteko espetxe zigorra ezarri dio.
  • Raul Romeva: Atzerri kontseilariari, 12 urteko zigorra.
  • Joaquin Forn: Barne kontseilariari, 10 urte eta erdiko zigorra.
  • Jordi Turull: Presidentetza kontseilariari, 12 urteko zigorra.
  • Jordi Rull: Lurralde Antolaketa kontseilariari, 10 urte eta erdiko zigorra.
  • Dolors Bassa: Lan eta Gizarte Gaietarako kontseilariari, 12 urteko zigorra.
  • Carme Forcadell: Parlamentuko presidenteari, 11 urte eta eediko zigorra.
  • Jordi Sanchez: ANCko presidenteari, 9 urteko zigorra.
  • Jordi Cuixart: Omniumeko presidente zenari, 9 urteko zigorra.

Santi Vila, Carles Mundo eta Meritxell Borras desobedientziagatik zigortu dituzte eta 60.000 euroko isun ekonomikoa eta urtebete eta zortzi hilabeteko inhabilitazioa ezarri diete.

9 eta 13 urte bitarteko zigorrak ezarri ditu Auzitegi Gorenak / Irudia: Goiena.eus

 

"Erreferenduma ez da delitua"

Iragan astean ezagutu genuen Altsasuko gazteen sententzia ere kontuan hartuz, "larrialdi demokratikoari erantzun bateratua" ematearen premiaz ohartarazi dute. Erreferenduma delitu ez dela aldarrikatzeko eta erabakitzeko eskubidea defendatzeko elkarretaratze zaratatsuak deitu ditu gaur, urriaren 14an, Gure Esku Dagok Euskal Herri osoan zehar.

Larunbatean, urriaren 19an, Donostian egingo den manifestazio nazionala iragarri dute, "auziko presoen askatasunaren alde, oinarrizko eskubideen alde eta herrien eskubide kolektiboen alde. Elkarrekin. Kataluniarekin bat eginik".

Testuinguru honetan, deialdi ezberdinak egongo dira Araban datozen orduetan:

  • Amurrio: 19.00etan Juan de Urrutia Plazan.
  • Laudio: 19.00etan Herriko Plazan.
  • Urduña: 19.00etan Foru Plazan.
  • Gasteiz: 19.30ean Andre Mari Zuriaren Plazan.
  • Legutio: 19.30ean Herriko Plazan.
  • Zigoitia: 20.00etan bide gurutzean, Artzegi aldean.
  • Zuia: 20.00etan plazan.
  • Aramaio: 20.00etan plazan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide