"Larria baldin bada, eta hala da, neurriak exijitu behar ditugu"

Anakoz Amenabar 2019ko urr. 14a, 09:22
Unai Pascualen ustez, mugikortasuna da inguruko herrialdeek duten erronka nagusietako bat. / BC3

Klima larrialdiari erantzuteko azken egunetako mobilizazioak "bultzada bat" izan diren arren, egoera iraultzeko beharrezko oinarriak jartzeko "zailtasunak" daudela nabarmendu du Unai Pascualek.

Nazio Batuen Erakundearen goi bilerak eta klimaren inguruko mobilizazioek zer arrasto utzi dute? Larrialdi klimatikoa serio hartu dute herrialdeek? Unai Pascual Ikerbasque eta Basque Centre for Climate Change zentroko ikerlaria (Gasteiz, 1973) Alea FM irratsaioan izan da, eta mahai gainean jarri dutu klima aldaketari aurre egiteko erronka nagusiak.   

Azken egunetako bilkura eta mobilizazioek nolako arrastoa utzi dute?

Gazi-gozoa. Beste bultzada politiko bat eman zaio goi gailur hauekin, intentzio onak daude atzetik, baina oraindik ikusten dugu mundu mailan badaudela hainbat eragozpen klima aldaketaren arazoari benetan aurre egiteko ausardiarekin eta modu bizkor batean. Badaude adierazpen instituzionalak larrialdi klimatikoaren inguruan, baina oraindik hitzetatik ekintzetara pasatzeko zenbait koska pasa behar ditugu. Badirudi bidea egiten ari garela, baina ez dugu bukatzen bide horren beharrezko hasierako oinarriak jartzen. Impasse batean gaude. Oso gai korapilotsua da, konplexua, geoestrategia tartean...   

Oztopo handia dira AEB, Txina, Brasil...

Badago gako geostrategiko bat, klima aldaketaren gainetik: herrialdeen arteko konpetentzia komertziala. Herrialde guztiek aintzat hartzen dute amildegiaren aurrean gaudela, pauso gutxi batzuk behar direla erortzeko, eta benetan modu azkar batean eragina izango duten neurriak martxan jarri behar direla. Diplomatikoki hainbat puntu ari dira jorratzen mundu mailan, eta enpresak eta hiriak ere gero eta paper handiago bat hartzen ari dira; uste dut paper hau azeleratu egingo dela, ekintza publiko eta pribatuaren arteko elkarlanetik, baina galdera da ekintza hauek ez ote diren beranduegi etorriko edo izan behar duten oinarri sendoa izango duten.

"Justizia klimatikoa kontuan izan, eta presioa egin behar zaie erantzukizun gehien dutenei"

Orain gutxi arte "aldaketa klimatikoa" kontzeptua bera debatea zen, eta orain larrialdi klimatikoaz ari gara. Herritarrek kontzientzia hartu dute, ezta?

Bai, zientzialariok hamarkada luzeetan egon izan gara klima aldaketaz hitz egiten, ebidentziak mahai gainean jartzen, eta lobby oso garrantzitsuak egon dira klima aldaketaren inguruko diskurtsoa lokazten; hor denbora gehiegi galdu dugu. Klima aldaketa hemen dagoela, martxan dagoela eta atzeraezina den ebidentzia zientifikoa oso handia da egun, kontsentsu handia dago mundu mailako zientzialarion artean, eta horren isla da Pariseko 2015eko akordioa, hurrengo urtean martxan jarriko dena. Interes ekonomiko batzuk daude oraindik, halere, halako bultzada eraginkor bat emateko oztopo direnak. Larrialdi klimatikoaren adierazpenetik harago egin behar dugu salto, eta ikusten ari gara nola kalean ere jendea kontzientzia hartzen ari den, koordinatzen ari den eta mobilizatzen ari den; uste dut hor dagoela gakoa, goitik behera eragin behar da alde diplomatikoan, baina baita behetik gorako ere, beharrezkoak dira ekintza eta protestak agintariak mugiarazteko.

Larrialdi klimatiko honek utzitako daturik nabarmenduko zenuke?

Argi eduki behar dugu Pariseko akordioan aipatutakoa, gutxienez bi gradu ez gainditzeko ahalegina beharrezkoa dela, mundu mailako batez besteko beroketa efektua bi gradukoa baldin bada izugarrizko eragin negatiboak izango ditugulako. Eta bi gradutik behera ere ez du esan nahi eragin negatiboak izango ez ditugunik, egongo dira. Gradu bat dagoeneko berotu da planeta, eta gradu eta erdiko langa hori oso urte gutxian pasako dugula ematen du. Eta hori ez da arazoa, sintoma baten adierazpen bat baizik; benetan gertatuko diren eta gertatzen ari diren efektuak muturrekoak dira: berotzarrak, euri oso gutxi egitea, edo neguan euri gehiegi egitea baina elurrik ez... Hainbat aldaketa handi gertatzen ari dira guri eragiten digutenak, hainbat sektoreri, baina batez ere hirugarren munduan bizi den populazioaren gehiengo bati eragiten diote modu bortitzagoan.

Adibide deigarriak ere badira, Yakartakoa kasu. Indonesiako hiriburu izateari utziko dio gutxinaka hondoratzen ari delako.

Bai, herrialdeek badakite hau badatorrela eta pixkat paradoxikoa da zenbat kostatzen zaigun guztion artean ados jartzea, jakinda bakoitzak sufritu egingo duela. Bakoitzak bi etxeko lan mota egin behar ditu. Batetik, klima krisiari eta areagotuko den honi egokitzeko politika oso sendoak jarri behar dituzte martxan, eta Yakartakoak adierazten du zer nolako esfortzuak egin behar diren eta egiten ari diren. Eta, bestetik, egin beharreko lan nagusia da CO2 isurketak modu azkar eta eraginkorrean murriztea; hori egin ezean, mende bukaerarako eraginak oso negatiboak izango dira.

"Denok ez gara erantzule maila berean" aipatu duzu sare sozialetan.

Hori da agian niri gehien kezkatzen nauen erpinetako bat. Klima larrialdiaren diskurtsoarekin ematen du erantzukizuna guztiona dela modu berdinean, eta egia da denok egin ahal dugula zerbait, bakoitzak bere esparruan, baina klima aldaketa sortzen duen CO2 isurketen banaketa ez da berdina; badira askoz ere erantzukizun gehiago duten herrialdeak, eta horiek izan behar dute etxeko lan horiek ondo baino hobeto egin behar dituztenak. Justizia klimatikoa deitzen den kontzeptua kontuan izan behar dugu, eta presioa egin behar zaie erantzukizun gehien duten sektoreei.

Inguruko erankundeei dagokienez, zer politika dira zure ustez premiazkoenak?

Ikusten ari gara larrialdi klimatikoaren adierazpena abian dela, politikoki txertatuta dagoela. Orain, larrialdi sozial hori izanik, askoz ere baliabide gehiago jarri behar dituzte, eta administrazioan dauden sail guztiak lerrokatu behar dira; benetako larrialdia baldin bada, eta hala da, neurriak exijitu behar ditugu, eta gizartearen aurrean erantzun beharko dute. Herritarrek hori fiskalizatu eta kontuak eskatu behar dituztela uste dut, ezin delako hitz hutsetan bakarrik geratu. Mugikortasunarena kontuan izan beharreko arlo nagusietako bat, oraindik daukagun eredua ez baita batere osasuntsua; erregai fosilen menpe dago eredu hori. Seguraski hurrengo bi hamarkadatan elektrifikazio eredua ikusiko dugu, baina ezin ditugu gure itxaropen guztiak jarri bakarrik kotxe elektrikoetan, elektrizitate hori sortu, banatu eta hainbat eta hainbat milioi kotxe berri sortu behar direlako. Klima aldaketa hori baino askoz ere gehiago da, eta gure eguneroko kontsumoa ere kontuan hartu beharko genuke, ez bakarrik ekoizpena.

Klima aldaketari aurre egiteko, hortaz, iraultza arlo guztietara eramateari buruz ari gara, beraz?

Bai, arazo sistemikoa da berez. Klima aldaketa krisi askoz ere sakonago baten erpin bat baino ez da; krisi ekologiko zabalago bat, bioaniztasunaren galera globala, desertifikazioa... Mundu mailan garapenaren eredu nahiko ezegonkorrak dauzkagu, oso ekitatiboa ez da, eta ondasunen banaketa ere ez da justua. Erpin horiek guztiak lotuta daude, eta uste dut irakurketa bateratua egin behar dela.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide