Altsasuko gazteen epaiaren kontrako aldarria Araban zehar zabaldu da

Erredakzioa 2019ko urr. 11a, 09:54

Ehunka lagun bildu ziren atzo Gasteizko epaitegien aurrean. / Argazkiak: @halabedi eta @aiaraldea

Asteazkenean Laudioko Lamuza plazan Guardia Zibilaren kuartel pareraino. Eta atzo, osteguna, Gasteizko epaitegien ateraino iritsi ziren Altsasuko gazteak zigortu dituen behin-betiko sententziaren aurkako mobilizazioak.

2018ko irailean Altsasuko gazteen defentsak aurkeztutako helegiteen ostean, hasieran ezarritako zigorrak arindu ditu Espainiako Auzitegi Gorenak aste honetan. Hala ere, zigorrak "neurrigabeak" direla salatu dute Araban egindako mobilizazio ezberdinetan.

Izan ere, behin-betiko espetxe zigorrak urte eta erdi eta bederatzi urte bitartean zehaztu ditu Auzitegi Gorenak.

 

Altsasuko kasuaren kronologia

2016ko azaroaren 14an, gauez, zortzi gazte atxilotu zituen Guardia Zibilak Altsasun, taberna batean kalez jantzitako guardia zibil batzuekin izandako liskar batengatik. Lehen momentutik oihartzun mediatiko handia lortu zuen kasuak eta bederatzi pertsona auzipetu zituen Espainiako Auzitegi Nazionaleko Carmen Lamela epaileak, "terrorismo" delituaren akusaziopean.

2018ko apirilean hasi zen epaiketa, polemikaz inguratuta eta horren kontrako mobilizazio handien artean. Eskaera fiskalak 12 eta 62 urte bitartekoak ziren. Eta Auzitegi Nazionalaren lehenengo epaia 2018ko ekainaren 1ean iritsi zen: bi eta 13 urte bitarteko espetxe zigorrekin.

Epaitutako hiru gazte -Adur Ramirez de Alda, Jokin Unamuno eta Oihan Arnanz- hasieratik espetxeratu zituzten eta, gaur egun, 1000 egun baino gehiago igaro dituzte espetxean. 2018ko ekaineko epaiaren ostean, aske geratzen ziren beste lau gazteak atxilotu zituen Guardia Zibilak: Iñaki Abad, Jon Ander Cob, Aratz Urrizola eta Julen Goikoetxea.

2018ko irailean, Espainiako espetxe ezberdinetatik Iruñeko (Nafarroa) eta Zaballako (Araba) espetxetara hurbildu zituzten gazteak.

2019ko martxoan, Auzitegi Nazionalak epaia berretsi zuen, eta "terrorismo" delitua egon ez zela onartu arren, ezarritako zigorrak mantendu zituen.

Azkenik, Altsasuko gazteen defentsak Auzitegi Gorenera jo zuen. Aste honetan ezagutu dugu azken epaia. Aurreikusi daiteke Konstituzio Auzitegia eta Estrasburgo izango direla defentsaren hurrengo urratsak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago