Garoñako hondakin erradioaktiboen biltegiratzea 50 urtez luzatu daiteke

Erredakzioa 2019ko urr. 10a, 12:37

Garoñako zentral nuklearra / Argazkia: PHOT.OK

Garoñako zentral nuklearrean dauden 2.500 osagai nuklearrentzako denboraldiko biltegiak 49 edukiontzi izango ditu, aurreikusitakoak baino askoz gehiago. Eraispena 2032ra arte luzatuko da.

Javi Zarraonandia industria sailburuordeak jakinarazi zuen asteartean, Eusko Legebiltzarreko ingurumen batzordean.

Gaurkoan, Espainiako Gobernuaren "aurreikuspen eza", "Europako zentral nuklear zaharkituena eraisteko prozesua serio" ez hartzea eta hondakin nuklearrak kudeatzeko planik ez izatea leporatu dio EH Bilduk Espainiako Gobernuari, Iñaki Ruiz de Pinedo eta Mikel Oteroren eskutik Gasteizen egindako agerraldi batean. Eusko Jaurlaritzaren ardura ere seinalatu dute.

Azaldu duten bezala, hondakinen kudeaketaren azken zatia, hau da, sakoneko bilketa geologikoa "ez dute oraindik diseinatu" eta, ondorioz, denboraldiko bilketa "50 urte edo gehiago luza daiteke". Garoñako zentrala "hilerri nuklearra" bihurtzeko arriskuaz ere ohartarazi dute.

Egoera honen aurrean, EH Bilduk proposamen bat aurkeztuko du hainbat insituzioetan hondakin nuklearrak kudeatzeko "behin betiko soluzio bat" bilatzeko. Zentralaren eraispenerako jarraipen mahaia osatzea ere proposatuko du, inguruko herriei "informazio eguneratua" helarazteko asmoz eta eraispen hori modu "zuzen eta azkar" batean egiten dela zaintzeko.

Hondakinen kudeatzaile ofiziala Enresa enpresa publikoa da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago