Alavesek itxura ona eman du, baina punturik ez

Ibon Gorrisi 2019ko urr. 7a, 10:55
Etxekoek baloiaren jabetza izan dute, baina ez dute arriskurik sortu. / LA LIGA

Ondo jokatu arren, 2-1 galdu du Mestallan Valentziaren aurka jokaturiko partidan.

Alavesek ezinean jarraitzen du etxetik kanpo. Jokatutako lau partidetan puntu bakarra eskuratu du eta kanpoan hirugarren porrota erreskadan izan da. Taldeak joko ona egin du, batez ere, bigarren zatian eta gutxienez puntu bat urratzea merezi izan du.

Partidaren hasieran argi eta garbi ikusi da nondik nora joango zen norgehiagoka. Alavesek ohiko joko sistema erabili du Valentziari aurre egiteko. Atzealdean ondo aritu dira baina, azken neurketetan bezalaxe, arazorik handiena goialdean izaten ari da. Gola falta zaio taldeari eta golik gabe ia-ia ezinezkoa izaten baita puntuak eskuratzea.

Etxekoek baloiaren jabetza izan dute baina arriskurik sortu gabe Alaves defentsan sendo aritu delako. Halere, 27. minutuan jokaldi isolatu baten bitartez Valentzia aurreratu da markagailuan. Rodrigok barruko pase bikaina eman dio Maxi Gomez aurrelariari, honek ez du barkatu, eta sareetara bidali du baloia. Berriz ere, partida maldan gora Alaves taldearentzat. Ahaleginak egin ditu berdinketa lortzeko atsedenaldira joan baino lehen baina alferrik.

Bigarren zatian erabat aldatu dira gauzak. Talde arabarra atsedenik hartu gabe erasora atera da. Lehendabiziko laurdenean Lucas Perez eta Joselu aurrelariek gol aukera garbiak izan dituzte markagailuan berdinketa jartzeko. Baina hor dago koska, hobeki esanda, taldeen arteko aldea hor baitago. Valentziak ia-ia gol aukera bakarra izan du lehen zatian eta barrura bidali du. Alavesek, ordea, hirutik ez du bat bera ere sartu.

Berdinketa hurbil zegoenean ailegatu da Valentziaren aldeko jokaldi erabakigarria. Siverak lurrera bota du Parejo eta epaileak inongo dudarik gabe penaltia adierazi du. Parejok berak maisuki jaurti du bigarren gola egiteko. Erabakita zegoen partida baina Alaveseko jokalariak hustu egin dira eta Lucas Perezek 89. minutuan gola egin du. Luzapenean Alavesek ez du amore eman eta berdinketa lortzen saiatu da. Pena izan da baina esku hutsik.

Taldea, berriz ere, sailkapeneko zuloan sarturik dago. Hurrengo aste bukaeran ez da partidarik izango. Datorren urriaren 20an Mendizorrotzean izango da taldea Celtari aurre egiteko. Zaleen laguntzarekin batera garaipenaren bidera bueltatu beharra dago.

Valentzia: Cillesen, Wass, Garay, Gabriel Paulista, Jaume Costa, Ferran (69'. Diakhaby), Parejo, Coquelin, Cheryshev (91'. Sobrino), Rodrigo (59'. Vallejo), Maxi Gomez.

Txartel horiak: 13'. Wass.

Alaves: Sivera, Ximo Navarro (73'. Aleix Vidal), Laguardia, Ely (84'. Borja Sainz), Duarte, Luis Rioja, Manu, Pina (20'. Pere Pons), Burke, Lucas Perez, Joselu

Txartel horiak: 14'. Duarte, 14'. Manu, 81' Sivera.

Golak:

1-0: 27'. Maxi Gomez. 2-0: 82'. Parejok, penaltiz. 2-1: 89'. Lucas Perez.

Mestalla futbol zelaiko harmailak:

Ia-ia 39.000 ikusle bildu dira Mestalla futbol zelaian. Horien artean, nola ez, Arabatik joandako zaleak izan dira. Partida osoan zehar animoak ematen eta kantuan izan dira. Valentziako zaleek denetatik egin dute. Ez daude batere pozik taldeak egiten duen jokoarekin eta partidan zehar txistuak eta txaloak tartekatu dituzte. Azkenean, pozik atera dira taldea hiru puntuak eskuratu dituelako.

Alde Zaharreko tabernetan hitz eta pitz

Larunbata, eguraldi primerakoa. Alde Zaharrean hilabete hasierako merkatua. Giro ezin hobea, paregabea. Eguerdiz jendetza kaleetan. Eguerdiko poteo luzatuta eta gero partida tabernetan ikusteko.

Ze ondo! Gutxienez gaur partida arratsaldez izango da. Kafea hartuta. Ea gutxienez pozaren bat ematen diguten. Ea zortea izaten dugun!

Orain Valentzia dagoen bezala oso aproposa da hiru puntuak Mestallan eskuratzeko.

Zer gertatzen da, bada? Pacheco berriz min hartuta? Sivera hasierako hamaikakoan. Beno, oso atezain ona da. Burke ere hasieratik arituko da. Egia esanda aurrekoan Mallorcaren aurka oso ondo aritu zen.

Partida irabazteko atzealdean sendo aritu behar, oso sendo. Gogor jokatu beharra dago hasieratik. Ez eman aukerarik area ingurura hurbiltzeko.

Oso itxura ona dauka partidak. Hori da bidea, hori! Beno, talde beste itxura ematen ari da. Ondo, serio ari dira jokatzen. Ea, ea gola sartzen duten.

Berriz ere, haiek ez dute ezertxo ere egin eta 1-0 galtzen ari gara. Hor dago koska, aurrelarien maila. Gol aukera bakarra izan eta saretara.

Betiko leloa. Orain aurrera joan behar da bai ala bai. Ea lehenengo zatian berdintzen dugun! Kaka zaharra! Jokoa guk jarri dugu eta haiek gola.

Orain partidaren bila joan behar. Ea aukeraren bat edo beste izaten dugun. Taldea ondo ari da. Gutxienez itxura ona ematen ari da. Golak, beti bezala gola falta zaio talde honi.

Baina zer gertatu da, argirik ez. Seguru orain taldeari ideiak itzaltzen zaizkio. Ikusten duzue, taldea desagertu da. Aldaketak egin ditu baina taldea ez dago.

Falta zaiguna. Penaltia, bai izan da. Baina zer egin dute hor atzealdean. Agur hiru puntuak eskuratzeari. Penaltia eta gola.

Orain, dena eman behar. Gutxienez gola egin dugu. Sei minutuko luzapena. Ze pena! Berriz ere, galdu. Hurrengoan!

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide