Euroliga denboraldia ezin hobe hasi du Baskoniak

Aritz Martinez de Luna 2019ko urr. 4a, 20:51
Argazkia: @Baskonia

Kaunasen lortu du Baskoniak Euroligako lehen garaipena, Zalgiris 58-70 menpean hartuta.

Lehen urrats sendoa eman du Baskoniak aurtengo Euroliga denboraldiaren hasieran. Aurreko urteetan ikusi ahal izan den bezala, edozein garaipen izango da garrantzitsua urte bukaeran, eta are gehiago etxetik kanpo zuzeneko aurkarien kontra lortzen direnak.

Halaxe izan da gaurkoan, eta, partida serioa jokatuta, eraikitze bidean dagoen taldeari konfidantza emateko balioko du garaipenak ezbairik gabe. Partida ikusgarria jokatu ez arren, Baskoniak hasieratik hartu du aurrea markagailuan eta, defentsa lanean oinarritutako, garaipena lortu dute gasteiztarrek azkenik. Zalgiris aldiz, nahiko ahul agertu da gaurkoan.

Denboraldi luzea izango da aurtengoa, eta Baskoniak zuzeneko aurkari asko izango ditu playoff-etarako txartela eskuratzeko bidean. Real Madril, Fenerbahce, CSKA eta Efes izango dira berriz ere faborito. Baina bidean izango ditu, besteak beste, fitxaketetan dirutza xahututako Bartzelona, gasteiztar askoren ametsetako Scola azken orduan fitxatu berri duen Armani, Olympiakos eta Panathinaikos betiko talde greziar lehiakorrak, azken urteetako zapore mikatza usatu nahiko duen Maccabi... Gaurkoan ikusitakoaren arabera, gogotsu eta lanerako prest ekin diote Perasovicen mutilek denboraldiari.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide