Musika eta ikuskizunak, urriko lehen asteburuan

Erredakzioa 2019ko urr. 4a, 17:00
'Tio Teronen Semeak' ikuskizuna eskainiko dute igandean, Izarrako jaien barruan. / Artekale

Modus Operandi taldea izango da larunbatean, Agurainen. Antzerkiei dagokienez, besteak beste, Kalean otso, etxean uso ikuskizuna eskainiko du Patata Tropikala Antzerki laborategiak Kanpezun, igandean.

Jai giroz beteriko asteburua dator, besteak beste, Agurain eta Izarrako jaiak direla eta. Bestelako planak ere utzi ditu Euskararen Agendak, egunak lasaiago igaro nahi dituenarentzat.

Gaur bertan abiatuko dira Gasteizko Errota auzoko jaiak. Beste hainbat ekintzaren artean, haurrentzako tailerrak antolatu dituzte 18:00etatik aurrera, Santo Domingo plazan. Aiaraldera salto eginda, musika, bertsolaritza eta zinema ekitaldiak programatu dituzte Laudioko Industrialdeko Arrastiak Faktorian saioan, tokiko elikagai eta edari ekologikoekin batera gozatzeko. Gaurko, euskal zinemaren filma frikienak eskainiko dituzte Napardeath trilogia zinema proiekzioaren eskutik, 20:00etan.

Larunbata musikan murgiltzeko egun aproposa izango da. Gauekoak egitasmoaren eskutik, Montauk talde gasteiztarrak kontzertua eskainiko du Gasteizko Lorategi ezkutuan, 20:00etan. Izarrako jaien egitarauaren barruan, Uger taldea izango da oholtza gainean, 22:00etan; Aguraingo jaietan, bestalde, Paradixo eta Modus Operandi taldeak girotuko dute Lautadako herriko gaua, 23:30etik aurrera.

Plan lasaiagoekin dator igandea, ordea. Haurrentzako antzerkia eskainiko du Patata Tropikala antzerki laborategiak, eta hainbat ipuin nahastuko ditu bizikidetzaz hitz egiteko Kalean otso, etxean uso antzezlanean. Kanpezuko Buxandako plazan izango da hitzordua, 13:00etan. Izarrara bueltatuz, Tio Teronen semeak ikuskizuna izango da ordu berean; Irrien Lagunak izango dira Agurainen arratsalde partean, 17:30ean, Txosnagunean.

Horiek asteburuko ekintza nagusiak, baina beste ekintzen berri izateko, sartu Euskararen Agenda atalean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide