Mintzalagunak izen-emate kanpainaren eta kale ekintza parte-hartzaileen protagonista aktiboak izango dira

Erredakzioa 2019ko urr. 3a, 09:38

Aurten ere, ikasturteari hasiera eman eta Euskal Herri osoko bizilagunak “Mintzalagunon mundura” gonbidatzeko kale ekintza parte-hartzaileak antolatu ditu Euskaltzaleen Topaguneak. Ekimen hauen helburua "izen ematea sustatzea" eta "talde berriak sortzea" izango da.

Euskaraz bizi nahi dutelako, beldurrei aurre egin nahi dietelako, ahaztutakoak berriz gogorarazteko edota euskaraz gozatzeko, arrazoi ezberdinak medio, gaur egun, 19 herrialde desberdinetan 6.000 lagunek baino gehiagok hartzen dute parte egitasmo honetan eta ikasturte berri honetan kopuru hori igotzeko asmoa adierazi dute Topaguneko lagunek.

Horretarako, mintzalagunak kale ekintzen gidariak eta protagonistak izango dira eta, Arabaren kasuan, ondoko herrietan antolatu dituzte ekimenak: urriaren 3an, gaur bertan, Arabako Mendialdean; urriaren 25ean, ostiralean, Oionen -Arabako Errioxan-, Gau Beltzaren tailerraren ondoren; eta azkenik, urriaren 27an, igandean, Arabako hiriburuan, Gasteizen, Pintxo Pote aurkezpen ekitaldian.

Euskarazko komunitate bat baino gehiago

 
Topagunetik azaldu duten bezala, Mintzapraktika bospasei laguneko taldeetan elkartuta egiten da eta parte hartzeko soilik oinarrizko bi baldintza bete behar dira: euskaraz komunikatzeko gai izatea eta astean ordubetez elkartzeko prest egotea.
 
"Mintzalagunen komunitatea ez da soilik elkarrekin euskaraz hitz egiteko tartea, baizik eta esperientziaz, bizipenez eta emozioez osoturiko mundu zabal bat", horren argi definitzen dute komunitatea.
 
Eta zer da mintzalagunek bilatzen dutena? Haien arabera, "denek dute helburu komun bat, aisialdian euskaraz gozatzea", baina denborak aurrera egin ahala "hizkuntzaz haratago doazen beste emozio eta bizipen batzuekin egiten dute topo mintzalagunek".
page2image59729856

Mintzapraktika egitasmoetan izena emateko aukera eta informazioa herri edo eskualdeko euskara elkartean, euskaltegian, Udalean edo www.mintzalaguna.eus webgunean eskuragarri izango da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago