Alavesek garaipena behar zuen arnasa hartu ahal izateko. Inongo distirarik gabe, Mallorcari bi eta huts irabazi dio. Asko kostata baina zaleen bultzadarekin partidaren hondarretan lortu ditu hiru puntuak eskuratzea.
Lehendabiziko ezusteak Garitanok eman ditu. Izan ere, hasierako hamaikakoan Sivera eta Guidetti zelairatu ditu. Halere, gauzak ez dira asko aldatu aurreko neurketekin alderatuz gero. Argi eta garbi erakutsi dute bi taldeek helburua golik ez jasotzea zela. Horren ondorioz, bi taldeek baloi asko galdu dituzte zelai erdiko presio izugarria zelako. Gauzak horrela, partida inongo iparrik gabe joan da batetik bestera.
Lehen zatian bi taldeek oso gol aukera gutxi izan dituzte. Alaveseko jokalarien aldetik urduritasuna nabaria zen eta puntu behar horrek eragina izan du jokoan. Mallorcak ere ez du asko erakutsi. Atsedenaldira husnako berdinketarekin joan dira.
Bigarren zatian, Asier Garitanok aldaketak egin ditu eta horiek etekin ezin hobea eman diote. Talde arabarrak pitin bat hobetu du eta partidaren bila atera da. Dena den, asko kostatu zaio area ingurura hurbiltzea. Partida nahi eta ezin horretan ari zelarik, orduan etorri da Bideo Epaile Laguntzaileak aldeko penaltia adierazteko. Lucas Perezek ez du huts egin. Hortik aurrera, norgehiagokaren nondik norakoa erabat aldatu da. Mallorcak oso tarte gutxi zeukan berdinketa lortzeko eta lerroak aurreratu ditu.
Ondo baino hobeto baliatu ditu Alavesek utzitako hutsuneak bigarren gola lortzeko. Burkek, jokalari eskoziarrak, abiadura aprobetxatu du Joseluri pase bikaina emateko, eta honek saretara bidali du. Gol horrek eromena eragin du harmailetan. Zaleak hortzak estuturik izan dira partida osoan zehar eta hiru puntuak etxean geldituko zirela ikusirik, poza zabaldu da.
Irabazi beharreko partida zen eta horrela egin du Asier Garitanoren taldeak. Puntuak behar dira urduritasuna alde batera uzteko eta alaitasun pitin batez jokatu ahal izateko. Hurrengo partida: datorren larunbatean Valentziaren aurka. Gutxi galtzeko eta asko irabazteko.
Alaves. Sivera, Ximo Navarro, Laguardia, Ely, Duarte; Aleix Vidal (82’. Burke), Tomas Pina, Wakaso, Luis Rioja (87’. Pere Pons), Guidetti (57’. Lucas Perez), Joselu.
Txartel horiak: 27’. Wakaso, 49’. Ximo Navarro.
Mallorca: Reina; Sastre, Valjent, Xisco Campos, Gamez, Baba (77’. Cabrera), Sevilla, Kubo, Febas (66’. Dani Rodriguez), Lago Junior (77’. Abdon Prats), Budimir
Txartel horiak: 33’. Lago Junior, 78’. Sevilla, 79’. Valjent
Golak:
1-0: 76’. Lucas Perez, penaltiz.
2-0: 85’. Joselu.
Mendizorrotza futbol zelaiko harmailak:
17.135 ikusle bildu dira Mendizorrotzean. Eguraldia izugarria izan da, bero ikaragarria egin du. Goizeko 10:00etatik zaleek aukera izan dute “Beti Alaves Jaialdian” parte hartzeko. Era askotako ekitaldiak izan dira, musika, jokoak, bazkari herrikoia... Horien artean nabarmendu behar da Sarasola jokalari zenari egindako omenaldia. Izan ere, aurten 50 urte betetzen dira istripu batean hil zenetik. Futbol zelaiko hormetan murala egin dute jokalaria gogoratzeko. Halaber, emakumezko taldea ere hemendik aurrera hormetan izango da.
Harmailetan hitz eta pitz
Giro paregabea izan da Mendizorrotza futbol zelaian, eguraldia primerakoa eta zaleek gozatu ederra hartu dute taldearen garaipenarekin. Halere, hasieran urduritasuna zena alaitasuna bihurtu da. Hona hemen harmailetan entzundakoak:
Hauek dira orduak futbolean aritzeko! Kafea hartzeko unea da. Ikusiko dugu ea irabazten dugun! Bai ala bai irabazi behar da. Bestela Garitanok maletak egin beharko ditu.
Taldea erdipurdi eta gainera honek hamaikakoan Sivera eta Guidetti jarri ditu. Sinistu ezinik. Ikusiko dugu. Egia esanda, Sivera atezain bikaina da baina Guidetti titular moduan. Ez dakit bada.
Uf, beti hau partida hau, ia-ia ez batak ez besteak ez dute jaurtiketarik egin. Zer-nolako lehenengo zatia. Eguzkia hartuko dugu, ze futbola orain arte ez dugu ikusi.
Horrela ezin da, gora joan behar da, partidaren bila. Alaitasuna behar da. Joko alaia, zerbait egin bestela.
Bigarren zatia, husna eta ez da inongo hobekuntzarik ikusten. Ez badugu irabazten zuloan sartuko gara eta hortik ateratzea oso zaila baita. Ea aurrera egiten duten, ea gutxienez penaltiz gola sartzen duten!
Epailea bideo ikustera! Ea gure aldeko penaltia adierazten duen. Bai, bai penaltia eta gola. Ze ondo! Behar genuen ea bide beretik jarraitzen dugun. Txalo zaparrada, jokaldi polita eta bigarrena.
Ze ondo, partida amaituta eta garaipena aspaldiko partez. Bide beretik jarraitu egin behar da hurrengo larunbatean Valentzian.