Alavesek ez du burua altxatzen, maldan behera jarraitzen du. Ez punturik ez golik, ez erasoko jokorik. Taldea premia larrian dago eta ia-ia jaitsiera postuetan dago. Horrek esan nahi du, ezbairik gabe, hurrengo norgehiagokan irabazi behar duela, bai ala bai.
Realaren nagusitasuna erabatekoa izan da lehen zatian. Partidaren hastapenetan ematen zuen ondo kokatuta zegoela talde arabarra. Baina, usteak erdi ustel, izan ere, berehala talde txuri-urdinak jokoaren ekimena hartu du, behin eta berriz erasora jokatzeko. Aise nagusitu dira zelai erdian eta horren ondorioz gol aukerak sortu dituzte.
Lehendabiziko gola jokaldi paregabe baten bitartez ailegatu da. Odegaard jokalari norvegiarrak sakonean pase bikaina eman dio Oyarzabali eta honek, Pachecoren irteera gaindituz, saretara bidali du baloia. Gol honek min ikaragarria egin dio urdin-txuri taldeari. Bigarrena berehala etorri da. Wilian Josek, area txikian ia-ia bakarrik, buruz saretara bidali du baloia. Arabarrak iparra aurkitu ezinik baldin bazeuden, zer esanik bigarren gol honekin.
Hori gutxi balitz, lehen zatian bukatzear zegoelarik, epaileak penaltia adierazi du; Oyarzabalek ez du barkatu eta hirugarrena egin du. Gauzak horrela eta bi taldeen jokoa ikusita garbi zegoen bigarren zatian goitik behera aldatu egin behar zirela gauzak emaitzari buelta emateko.
Bigarren zatian, ordea, jokoa ez da batere aldatu. Alaves ezinean aritu da. Zerbait egin nahian, baina ez indarrik ez jokorik. Taldea erabat bere onetik atera zegoen. Gainera, Realak, partida bukatzear zegoela, abantaila areagotzeko aukera izan du. Portuk jaurtitako penaltia Pachecok geratu du eta hori izan da taldeak izan duen poztasun bakarra. Jokaldi horretan Manuk bigarren txartel horia ikusi du eta horren ondorioz kanporatua izan da. Emaitza kaxkarra oso izan da eta gainera hurrengo neurketarako Manu kapitaina ez da izango.
Liga hasieran gaude, kezkatzeko arrazoiak egon badaude baina oraindik hobetzeko partida asko baitaude. Hurrengoan igandean Mendizorrotzean Mallorcaren aurka. Bai ala bai, irabazi beharrekoa.
--
Reala: Remiro; Gorosabel (74’. Le Normand), Aritz Elustondo, Llorente, Monreal; Odegaard, Ander Gebara, Merino, Oyarzabal (59’. Januzaj); Portu, Wilian Jose (45’. Wilian Jose)
Txartel horiak: 60’. Portu.
Alaves. Pacheco, Martin, Ely, Magallan, Adrian Marin; Pere Pons, Tomas Pina (59’ Manu), Wakaso (45’. Aleix Vidal), Borja Sainz (74’.Guidetti), Lucas, Burke.
Txartel horiak: 26’ Wakaso, 48’ Tomas Pina, 74’, 85’ Manu.
Txartel gorria: 85’. Manu.
Golak:
1-0: 19’. Oyarzabal.
2-0: 31’. Wilian Jose.
3-0: 40’. Oyarzabal, penaltiz.
Reale Arena futbol zelaiko harmailak:
28.720 ikusle bildu dira Reale Arena futbol zelaian. Anoeta alde batera utzita futbol zelai berriak oso itxura ona dauka. Zaleek eta jokalariek bat egiten dute eta gainera harmailetan sortu den giroa paregabea izan da. Alaves taldeko zaleak ere partida osoan zehar animatuz izan dira. Gauzak erabat okertuta izan direnean ere, hor izan dira taldeari bultzada emanez.
Tabernan kontu kontari
Tabernetako aulkietan gozo-gozo eserita gauzak ezin hobeto ikusten dira. Futbola erraza izaten baita eta iritzi era askotarikoak dira. Hona hemen jasotakoak:
Beno, bada, berriz futbola, ia-ia egunero izaten dugu. Ikusiko dugu gaur zer-nolako itxura ematen dute. Aurrekoan Athleticen aurka jaurtiketa bakarra egin genuen, ikusiko dugu gaur.
Hara bada, zenbat aldaketa egin ditu hamaikakoan. Gutxienez, ematen du erasora jokatuko dugula. Hiru aurrelari, sinistu ezinik. Ikusiko dugu.
Hasiera ez da txarra izan. Gutxienez, taldeak itxura ona ematen du. Ondo ari dira atzealdean, zelai erdian arazoak jokoa sortzeko. Baina, tira ondo ari dira.
Buf, lehen gola. Ikusiko duzu hemendik aurrera sufritzera. Lehen minutuak kenduta gainontzeko guztietan Reala nagusi. Bigarren gola, zer-nolako hutsa defentsan. Taldea hondoa jota baitago.
Gutxi balitz, orain penaltia. Zorte txarra! Talde honek zerbait gehiago behar du garaipenak lortzeko. Hirugarren gola. Agur, agur eta putzura joango gara.
Ea bigarren zatian zerbait egiteko gauza garen! Ezertxo ere, ezer ere ez! Gaizki, gaizki. Talde honek aldaketak behar ditu. Igual entrenatzailea aldatu beharra dago. Bigarren zati osoa
Igandean, bai ala bai, garaipena lortu behar dugu. Bestela jai!