Gasteiz Erdi Aroan murgilduko den asteburu honetan, Arabako beste txoko askotan ere ekintza ezberdinak izango dira. Tartean, Murgiako jaiak, bertso poteoa Agurainen eta Euskararen Jaia Laudion.
Gaur izango diren hitzorduen artean, Jon Basaguren musikaria izango da Arrastiak Faktorian programaren barruan, Laudion, 20:00etan. Musika, bertsolaritza eta zinema ekitaldiak programatu dituzte Faktorian, tokiko elikagai eta edari ekologikoekin batera gozatzeko. Lautadara salto eginez, bertso poteoa antolatu dute Agurainen, Errege ataritik abiatuta, 20:00etan. Iñaki Viñaspre, Aroa Arrizubieta eta Lautadako Bertso Eskolako kideak arituko dira bertsotan.
Larunbatean, besteak beste, Euskararen Jaia izango da Laudion. 10:00etatik hasita, hainbat ekintza antolatu dituzte; tartean, Kantu Kalejira, umeentzako jolasak eta euskal musika eskainiko duen DJa. Bestalde, Murgiako jaiak dira dagoeneko, eta Harresian Zulo eta Trikizio taldeek girotuko dute gaua 23:30etik aurrera.
Igandean ere musika izango da protagonista. Duluth talde gasteiztarra arituko da Artium museoan taula gainean. Igandeak kontzertu programaren barruan, doaneko kontzertua eskainiko du laukoteak, 20:00etan.
Gainera, esan bezala, urtero iraileko azken asteburuan ohikoa den moduan, Gasteizen Erdi Aroko Azoka izango da Alde Zahar osoan zehar. Malabareek, su ikuskizunek eta antzinako ogibideen lantegiek, besteak beste, garaiko Arabako hiriburuan zegoen giroa irudikatuko dute gaurtik igandera bitartean.
Ekintza gehiago ikusi nahi izanez gero, sartu Euskararen Agenda atalean eta kuxkuxeatu! Asteburu on!