Arabako Foru Aldundiak lan eskaintza publikoak egingo ditu, urtero, foru langileen egonkortasuna lortzeko eta kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzeko. Gainera, hemendik aurrera, lan eskaintza guztietan ezgaitasun psikikoa duten pertsonentzako berariazko deialdia egingo dute. Hala iragarri du gaur Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren eta Foru Administrazioaren foru diputatu Cristina Gonzalezek Batzar Nagusietan egin duen agerraldian.
"Kalitatezko enplegua izango da gure lehentasuna, oraindik ere milaka arabarrek lan egin nahi eta ezin dutelako eta, gainera, sortzen ari diren hainbat lanpostu kaxkarrak dira. Horregatik, kontratu mugagabeak sustatzeko programak eta prestakuntza eskaintza indartuko ditugu, arreta berezia jarriz emakumeengan eta 45 urtetik gorakoengan", azaldu du diputatuak.