Euskararen Agendak hazten jarraitzen du, eta oraingoan Telegram mezularitza-aplikazioan murgildu da. Eskaintzen duen zerbitzua indartze aldera, difusio talde berria izango du aste honetatik aurrera.
ALEAk harpidedunei albisteak eta ekintzak zabaltzeko erabiltzen duen telefonoaren bidez (645 66 86 02), Telegram aplikazioan izena eman eta difusioa egiteko kanala sortu du. Kanala publikoa izango da, eta edonork batu zein zabaltzeko aukera izango du. Taldea aurkitzeko, nahikoa izango da aplikazioaren bilatzailean lotura (https://t.me/euskararenagenda) edo taldearen izena (Euskararen Agenda) idaztearekin. Behin taldea aurkituta, ekintzak jarraitzeko asmoa duen edonork "Elkartu" botoia sakatu beharko du, eta hortik aurrera ikusgai izango ditu jakinarazpen eta mezu guztiak, baita aurretik argitaratuta daudenak ere.
Difusio-kanalaren eginkizuna whatsapp aplikazioan ALEAk harpidedunentzat dituen difusio-taldeen antzekoa izango da, hots, Araba osoko euskarazko ekintzak jakinarazi eta zabaltzea. Telegramaren kasuan, ordea, ez da beharrezkoa izango harpideduna izatea, eta horrek Euskararen Agenda publiko zabalago batera heltzeko aukera emango du.
Aste honetatik aurrera, beraz, ekimenaren sarea handituko da. Dagoeneko bestelako plataforma digitaletan ere presente dago: Facebook (Euskararen Agenda), Twitter (@euskaragenda) eta Instagram (@euskararenagenda) sare sozialetan, hain zuzen ere.
Euskararen Agenda Araba osoko euskarazko ekintza guztiak argitaratzeko sortu zen, eta asmoarekin aurrera jarraitu ahal izateko, irakurleen laguntza ezinbestekoa da. Horregatik, agendan agertu ez den zerbait jakinarazi nahi izanez gero, zuzenean harremanetan jartzeko bideak ere badaude: telefonoz (945-71 60 05), postaz (agenda@alea.eus) edo ALEAkideak mugikorraren bidez (645 668 602).