Integratzeko laguntza faltan

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2019ko ira. 26a, 06:00
Adingabe migratzaileak Nafarroako zentro batean. GUAIXE

Arabako administrazioak ez die aski baliabide eskaintzen adingabe migratzaileei gizartean integratzeko eta adinez nagusi direnean bere kabuz bizi ahal izateko. Oviedoko Unibertsiteak ikerketa egin du.

Panorama beltza dute aurrean herrialdean dauden adingabe migratzaileek. Oviedoko Unibertsitateko Familiari eta Haurtzaroari buruzko Ikerketa taldeak  adingabe hauek artatzeko Gizarte Ongizatearen Foru Institutuaren zerbitzuei buruzko azterketa egin du, eta horretan atzeman du "zailtasun izugarriak" izango dituztela gazteek gizartean integratzeko, adinez nagusi direnean. Izan ere, hamazortzi urte betetzeko gutxi falta zaie Araban dauden adingabe migratzaile gehienei, eta "ez dituzte autonomoak izateko oinarrizko gaitasunak eskuratu, hala nola komunitatearen zerbitzuak erabiltzeko, pisu bat aurkitzeko, bankuan gestioak egiteko, lana bilatzeko edo ikasteko laguntzak eskatzeko".  

Hau horrela da, ikerketaren arabera, adingabe migratzaileek foru zerbitzuetan jasotzen duten arretak gabezia handiak dituelako. Batetik, emantzipazioa prestatzeko egoitzetan plaza eta baliabide gutxi daude; eta gainera, lehen arretaz arduratzen diren zerbitzuak ere gainezka daude eta lan zama handia dute profesionalek: "Adingabe migratzaileek bizimodu independentea izan dezaten prestatzeko berariazko plazak falta dira". 

Ikerketan jasotako datuen arabera, lehen arretako zerbitzuetan –Bidebarri 0 eta I– plaza guztiak (27+15) okupatuta daude, eta Bideberri II eta III emantzipaziorako zentroan eta etxean ere plaza guztiak beteta daude (15+12). 

Horrenbestez, egungo egoera ikusirik eta etorkizunean adingabe migratzaile gehiago sartuko direla aurreikusita, ezinbestekotzat jo du unibertsitate-ikerketak nerabeei zuzendutako sare osoa zabaltzea eta profesionalen eskuetan bitarteko gehiago jartzea. Era berean, adingabe migratzaileak pixkanaka eta banan-banan egoitza mistoetan integratzeko beharra ere nabarmendu dute txostenean.

85 adingabe urte hasieran

Oviedoko Unibertsitateak urtearen hasieran bildu dituen datuen arabera, Arabako harrera zentroetan familiaren zaintzarik gabeko 85 migratzaile adingabe daude, eta Bidebarri sareko zentroetan banaturik daude gehienak.  Dena den, plaza faltagatik, sarritan,   Sansohetara edo –emakumeen kasuan– Estibalizko zentrora ere bideratzen dituzte, nahiz eta hauek soilik portaera arazoak dituzten adingabeak artatzeko zerbitzuak diren.

Behar baino denbora gehiago igarotzen dute adingabe migratzaileek urgentziazko zerbitzuetan. Horietan oinarrizko beharrak asetzen dituzte, hizkuntza ikasten hasten dira eta erroldatzeko eta osasun txartela lortzeko tramiteak egiten dituzte, baina eskolatzeko edo lanbide heziketan hasteko aukerarik ez dute.  Printzipioz, ez lirateke sei hilabete baino gehiago egon behar lehen arretako zentroan, baina errealitatea beste bat da.

Araban, gainera, beste arazo bat dago, Fiskaltzaren esku dagoen adingabe migratzaileen adina zehazteko prozesua gehiegi atzeratzen delako: "Beste herrialdeetan, batez beste, 48 ordutan egiten dute froga, baina hemen hilabeteak luzatu daiteke". Horrek ere adingabe migratzaileen integrazioa oztopatzen du, eta lehen arretako zerbitzuak gainezka egotea eragiten du; izan ere, froga egiten duten bitartean zentro horietan egon behar dira gazteak.

EH Bilduk plan bat galdegin du

Hiru hilabeteko epean adingabe migratzaileen arreta hobetzeko interbentzio plan bat lantzea proposatu du EH Bilduk, Oviedoko Unibertsitateak egindako azterlanaren harira. "Planak plaza gehiago aurreikusi behar ditu, baita baliabide ekonomiko eta giza baliabide gehiago eskaintzea ere, esku-hartze integrala egiteko: formazioa, hezkuntza, arreta psikologikoa eta sanitarioa". 

Eztabaida atzerapenarekin hastea kritikatu du, gainera, koalizioak. Izan ere, 2016ko EH Bilduren eta EAJren arteko akordioan jasota zegoen ikerketa egitea: "Baina foru gobernuak 2018. urtera arte ez zuen azterketa eskatu, eta emaitzak aurtengo apirilean jaso baldin bazituen ere, hauteskundeak igaro arte ez dituzte aurkeztu".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide