Alaves ezinean ibili da partida osoan zehar San Mamesen

Ibon Gorrisi 2019ko ira. 23a, 11:17
Atzealdean sartuta, bilbotarrek behin eta berriz jo dute kontraerasora. / ALAVES

Athleticek gauza handirik egin gabe bi eta huts irabazi dio. Partidaren hasieran, Gaizka Toquero jokalari ohiari omenaldia egin diote. 

Alavesek ezin izan du punturik urratu San Mames Barrian. Ezinean aritu da partida osoan zehar. Ez du inongo gol aukerarik sortu eta jaurtiketa bakarra egin du. Beraz, hori kontuan izanik, normalena porrota jasotzea da. Williams aurrelariaren abiadurak garaipena eman dio Athletic taldeari.

Talde arabarra puntuen beharrean aurkitzen da, eta hasieratik atzealdean sartu da jokalari bakarra aurrealdean utziz, Joselu. Amarauna ehundu du zelai erdian eta zuri-gorriak ez dira gauza izan apurtzeko. Athleticek baloiaren jabetza izan du ia-ia lehen zati osoan, baina gol aukerarik sortu gabe.

Halere, zuri-gorriek ezkerretik egindako erdiraketa bakarrean Duartek Williams trabatu du eta epaileak bideoz lagundurik penaltia adierazi du. Raul Garciak ez du hutsik egin eta saretara bidali du. Egia esanda, Pachecori pitin bat falta izan zaio jaurtiketa gelditzeko baina ezin izan du. Bigarren zatia osoa gelditzen zen berdinketa lortu ahal izateko.

Bigarren zatian, Asier Garitanok lerroak aurreratu ditu eta hori gauzatu ahal izateko zelai erdiko jokalariak aldatu ditu. Gauzek pitin bat hobera egin dute eta, gutxienez, baloiaren jabetza izan dute arabarrek. Halere, ez dira gauza izan gol aukerarik izateko. Athleticek atzealdean sartuta behin eta berriz aprobetxatu du kontraerasora jokatzeko.

Horietako batean, berriz ere, etekin izugarria atera diote Williams aurrelariaren abiadurari. Ezker hegaletik ziztu bizian sartu da, erdiratu eta Ibai Gomezen jaurtiketari erantzun bikaina eman dio Pachecok; baina aldaratzea Muniani etorri zaio eta honek ez du barkatu. Gol honek min izugarria egin dio talde arabarrari eta esan genezake hor ia-ia partida bukatu dela.

Taldeak arazoak izan ditu jokoa sortzeko. Atzetik aurrera egindako taldea da baina puntuak urratu ahal izateko gol aukerarik sortu behar dira. Asko kostatzen zaio golak egitea baita arriskua sortzea ere. Ea gauzak aldatzen diren hurrengo derbian, hain zuzen ere, ostegun honetan 21:00etan Reale Arena futbol zelaian.

Athletic: Unai Simon, Capa, Yeray, Iñigo Martinez, Yuri Berchiche, Dani Garcia, Unai Lopez (62’. Beñat), Ibai Gomez, Raul Garcia, Muniain (78’. Lekue), Williams (83’. Aduriz).

Txartel horiak: 86’. Unai Simon.

Alaves: Pacheco; Ximo Navarro, Laguardia, Ely (62’. Martin), Duarte; Manu (55’. Lucas), Pina (78’. Pere Pons), Wakaso, Aleix Vidal, Joselu, Luis Rioja

Txartel horiak: 6’. Ely, 15’. Aleix Vidal, 37’. Duarte, 70’. Laguardia.

Golak:

1-0: 38’. Raul Garcia, penaltiz.
2-0: 72’. Iker Muniain.

San Mames Barria futbol zelaiko harmailak:

45.143 ikusle bildu dira San Mames futbol zelaian giro ezin hobean. Partidaren hasieran Gaizka Toquerok omenaldia jaso du. Iker Muniain kapitainak “Lehendakari”-aren makila oparitu dio eta bi taldeetako zaleek txalo zaparrada eskaini diote bi taldeetan aritu den jokalari gasteiztarrari. Giro ezin hobean bizi izan dute zaleek partida; izan ere, kaleetan elkarren artean aritu dira eta kalejiran joan dira futbol zelaira. Berriz ere, goraipatu behar da zale urdin-txurien jarrera partida osoan zehar. Beti, beti hor izan dira kantuetan ia-ia gelditu gabe.

Bilboko kaleetan eta harmailetan kontu kontari:

Giro ezin hobea bizi izan da Bilboko kaleetan. Zer esanik ez, futbol zelaian. Hona hemen entzundakoak:

Asko etorri zarete Gasteiztik, ezta? Ze giro polita. Hemengo taberna guztiek Athleticen poster, argazki, bufanda edota banderak dituzte. Den-denek. Hori polita da. Gasteizko tabernetan ez pentsa!!

Beno, garrantzitsuena partida da, ea zerbait egiten dugun. Seguru gero harmailetan lotan geratuko gara. Orain zurrutean eta gero partida kaxkarra baldin bada ikusiko duzu.

Hau giroa hau! Denok elkarrekin futbol zelaira.

Zer-nolako futbol zelaia: Toquero lehendakari, Toquero lehendakari!

Beno, ea zortea dugun eta irabazten dugun. Hasieratik atzealdean sartuta, ikusiko duzu partida kaxkarra izango da. Buff, hogeita hamar minutu eta ez batak ez besteak ez dute gol aukerarik sortu. Oso atzean gaude. Horrela ez dago irabazterik.

Gaizki, gaizki, Wakasoren jaurtiketa txalotu beharra dago. Igual bakarra izango da partida osoan.

Penaltia. Nik uste dut baietz, Duarte lotan gelditu da eta gero gerokoa.

Bigarren zatian aldaketarik egiten ez badu, gureak egin ditugu.

Beno, bada, ematen du zerbait gehiago egingo dugula. Gutxi, baina gutxienez, baloia izaten dugu. Joko alaia falta zaigu, berdin da bat eta huts galtzea edo 4 eta 0, baina gutxienez erasora jokatu. 

Ezer gutxi, orain ere ez dugu gol aukerarik sortu. Lehengoan gaude. Zorte kolperen bat ez badugu galduko dugu.

Bigarrena egin digute. Orain bai, partida bukatu da. Ai! Ze pena! Ez dugu ezer egin, Athleticek ere ez du ezertxo ere egin, baina…

Hurrengoan Erreala, ea zerbait egiten dugun!

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide