Gardelegiko lindanoa iragazteko prozesua abiatu du Gasteizek

Juanma Gallego 2019ko ira. 20a, 13:32
Gardelegin dagoen lindanoaren arazoari behin betiko irtenbidea eman nahi diote. / ALEA

Poluitzailea Zadorra ibaira igaro ez dadin instalazio berria martxan jarri du Gasteizko Udalak. Jaurlaritzak sinatutako agiri batean azaltzen dira orain arte zabortegian izandako hainbat irregulartasun.

Gardelegiko zabortegian dagoen lindanoa iragazteko instalazioa ustiatzen hasteko izapidea onartu du gaur goizean Gasteizko Udalak. Modu horretan, zabortegian bildutako poluitzailea Krispiñako ur-araztegira eta handik Zadorra ibaira igarotzea ekidin nahi dute. 

Instalazioak ikatz aktiboa eta hareazko iragazkiak baliatzen ditu, Udalak zabaldu duen prentsa ohar baten arabera. 110 metro koadro inguru hartzen ditu instalazioak, eta zabortegiaren barruan jarri dute, errepidearen ondoan. Lehen biltegi batean hamar orduz egingo dute lixibiatuen laminazioa, eta ondoren bi iragazkitara igaroko da: hareazkoa lehena, eta ikatz aktibozkoa bigarrena. Instalazioaren ustiaketa zabortegi kudeatzeko kontratu orokorrean sartu dute, eta lehen urterako 190.792 euroko kostua aurreikusi dute. 

URA agentziak egindako kontrolek erakutsi zuten Zadorra ibaian lindano aztarnak bazirela, eta horien jatorria Gardelegin kokatu zuten. Horrez gain, zabortegian bertan egindako ikuskaritzek agerian utzi zuten azpiegitura ez zegoela prestatuta isuri horiei aurre egiteko. Hala jaso zuten 2017ko abenduaren 19an Jaurlaritzako Ingurumen Saileko ikuskatzaileek zabortegian egindako ikuskaritza batean. Ingurumen kontuetan informazio publikoa eskuratzeko eskubideari jarraiki, ALEAk ikuskaritza horren agiria jasotzeko modua izan du.  

Bertan hainbat irregulartasun azaltzen dira. Besteak beste, lau urtez ingurumen aitorpenak ez ziren egin, eta aurreko ikuskaritzetan lindano isuriak ekiditeko zabortegiari eskatu zizkioten hainbat neurri martxan ez zituzten jarri. Isuriak direla eta, iazko irailean Gasteizek 30.000 euroko isuna ordaindu behar izan zuen.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide