Euskara ikasten ari diren lagunak trebatzeko laguntza eskatu dute

Erredakzioa 2019ko ira. 20a, 12:08
Ordenagailua, tableta edo sakelako telefonoaren bitartez egin daitezke solasaldiak. / UNPLASH

Internet bidez astean ordu erdiz euskara ikasten ari direnekin hizketan aritzeko prest dauden boluntarioen bila ari dira Mintzanet ekimenean.    

Ikasturte berriarekin batera jende askok ekin dio euskara ikasteari, baina jakina da gehienetan eskola orduak ez direla nahikoak hizkuntza batean trebatzeko. Horretan laguntzeko, hainbat proposamen martxan daude aspalditik. Arabari dagokionez, hiriburuan Mintzalaguna  egitasmoa da erreferentzia nagusia, eta Araban ere beste hainbat ekimen prestatzen dira. Horietan guztietan, lagun berriak egiteko eta hizkuntza praktikatzeko aukera ederra izaten da.  

Ez da ordea, aukera bakarra. Edozein arrazoigatik hori egin ezin dutenentzat, edota horretaz gain mintzapraktika gehiago egin nahi dutenentzat, Mintzanet ekimena dago. Interneten bitartez egiten den jarduna da, ordenagailua, tableta edo sakelako telefonoa baliatuta. Horren bidez, euskara ikasten ari den lagun bat eta euskaraz ondo moldatzen den beste lagun bat harremanetan jartzen dituzte, asteroko hitzordu baten bitartez. Euskara praktikatu nahi dutenak bidelariak dira, gutxienez B1 maila dutenak. Bidelagunak, berriz, bidelariei laguntzeko prest dauden pertsonak dira. Une honetan, azken hauen bila ari dira, eta astean ordu erdi euskararen alde egiteko prest dagoen lagun orori deialdia egin diete, Mintzanet.net atarian izena eman dezaten. Ekimenaren arduradunek gogoratu dute ez dela titulurik behar, azken helburua baita lotsa galtzea eta hitz-jarioa lortzea.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide