Alavesek ezin izan du berdinketa lortu azken minutuetan

Berdinketa lortzeko ahaleginek ez dute fruiturik lortu. / LA LIGA

Sevillak lehen zatian egindako jokoari esker lortu du garaipena, talde arabarrak azken minutuetan berdinketa lortzeko aukera izan arren.

Alavesek ezin izan du punturik batu Sevillaren aurka. Talde andaluziarrak lehen zatian egindako jokoari esker lortu du garaipena. Halere, azken minutuetan berdinketa lortzeko aukera paregabea izan du talde arabarrak. Egia esanda, merezi izan du puntu bat urratzea, bigarren zatian behin eta berriz erasora jokatu duelako.

Lehen zatian, Sevillak argi eta garbi erakutsi du teknikoki oso talde landua dela. Alderik alde mugitu dute baloia eta bai Navas zein Reguillon barnekaldiak egin dituzte eskuin-ezker hegaletik. Talde babazorroa defentsa lanetan justu samar aritu da. Taldea zatituta zegoen eta lerroen artean ez zegoen inongo loturarik. 37. minutuan Sevillak egin du partidako gol bakarra. Izan ere, gol bikaina izan da Jordan erdilariak egin duena. Area ertzeko falta jaurtiketa baten bitartez saretara bidali du baloia. Pachecok ezin izan du ezertxo ere egin.

Bigarren zatian, Garitanok goitik behera aldatu behar zuen partidaren norabidea. Horrexegatik, aldaketak egin ditu. Oliver Burke zelairatu du Pere Ponsen ordez, eta Manu Garcia Lucas Perezen ordez. Helburua zelai erdiko jokoaren ekimena eramatea izan da. Neurri batean lortu du baina arriskurik sortu gabe. Bihotzarekin aritu dira berdinketaren bila, baina ezinean. Jokaldi eztabaidagarria ere izan da, Fernandok Aleix Vidalen oina zapaldu du baina epaileak eta bideo bidezko epaileek ez dute penaltia adierazi.

Partidaren hondarretan ekinaren ekinez dena eman dute Alaveseko jokalariek. Berdinketa nahi zuten eta hor eskuetan izan dute. Manu Garciak, 89. minutuan, aukera paregabea izan du egin duen jaurtiketan, baina kanpora joan zaio. Tomas Pinak ere aukera argia izan du 91.ean, area barruan, baina ez du asmatu.

Porrota eta ezin punturik batu. Hurrengo neurketa Athletic-en aurka San Mames Barrian datorren igandean arratsaldeko 18:30ean. Ea hiru punturik eskuratzea posiblea den!!

-


Alaves. Pacheco; Martin, Laguardia, Ely, Duarte; Aleix Vidal (70’. Borja Sainz), Pere Pons (45’. Burke), Pina, Wakaso; Lucas Perez (59’. Manu Garcia), Joselu.

Txartel horiak: 47’. Burke, 77’. Duarte, 92’. Martin, 92’. Wakaso, 92’. Laguardia.

Sevilla: Vaclik; Navas, Diego Carlos, Carriço, Reguillon; Fernando, Banega, Jordan (67.’ Guldej); Lucas Ocampos (70’ Chicharito), De Jong, Torres (78’. Mudo Vazquez)

Txartel horiak: 37’. Jordan, 58’. Carriço, 75’. Reguillon, 92’. Gudelj, 92’. Diego Carlos, 92’. Ocampos.

Golak:

0-1: 37’. Jordan

Mendizorrotzeko futbol zelaiko harmailak:

16.806 ikusle bildu dira eguerdiko ordu bietan Mendizorrotza futbol zelaian. Giro paregabea eta partidaren hasiera omenaldia eskaini zaio Gaizka Toquerori. Une hunkigarria bizi izan da harmailetan oso jokalari maitatua izan zelako. Gero une orotan taldeak beti izan ditu zaleen animoak, kantak eta txaloak. Benetan goraipatu behar dira kiroldegiko harmailetan elkartzen diren zaleak. Ea hurrengoan jokalariek garaipenarekin eskertzen duten!


Harmailetan kontu kontari

Mendizorrotzeko harmailak pixkana pixkanaka betetzen ari dira eta hona hemen esandakoak:

"Hauek dira orduak partida jokatzeko, ia-ia bazkaltzeko ordua baita. Gainera gaur mahats bilketaren jaia da Mañueta herrian, ze pena! Partida dela eta ezin izan dugu joan. Hori gutxi balitz Argentina animatzeko aukera ere galdu dugu saski baloi partida ordu berean delako. Ea Garinok, Vildozak eta Scolak irabazten duten!"

"Beno, bada, ia gutxienez garaipena lortzen dugun!"

"Horrela jokatuz gero, ez dago irabazterik. Erabat atzealdean sarturik gaude. Zelai erdiko jokalariak gaindituta daude. Hau errepasoa Sevilla ematen ari dena. A zer nolako gola sartu duen! Ikaragarria. Traza txarra hartzen diogu neurketari".

"Ea bigarren zatian aldaketak egiten dituen eta gol aukerak sortzen ditugun!"

"Ufff!! Ez dago aldaketarik. Bihotzarekin lortu egin beharko dugu berdinketa. Ez gara gauza area ingurura hurbiltzeko. Gaizki, gaizki taldea ez dabil".

"Penaltia, ez du adierazi. Garbi garbia, baina…"

"Ze pena azken minutuan Manuk izan duena! Porrota, ea San Mames Barrian garaipena lortzen dugun!"

 

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide