Banda zabala izango dute Arabako etxe ia guztietan urtea amaitu aurretik

Erredakzioa 2019ko ira. 11a, 17:25
Banda zabalaren hedapena ia etxe guztietara iritsiko da. ALEA

2016-2018 aldian, Eusko Jaurlaritzak eta foru aldundiek 20 milioi euroko laguntzak eman dituzte operadoreek banda zabaleko zerbitzua herri txiki eta industrialde guztietara hedatzeko.

Urtea amaitu aurretik, Arabako etxebizitza ia guztietan banda zabaleko zerbitzua kontratatu ahalko da. Hori da, bederen, Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Diputazioak iragarri dutena: "Arabako etxebizitzen ia %100ek dute jada, edo laster izango dute belaunaldi berriko banda zabaleko zerbitzuak kontratatzeko aukera".

Banda Zabal Ultralasterraren Behatokiak emandako datuen arabera, urtea amaitu aurretik Arabako 535 herritara zabalduko da belaunaldi berriko banda zabaleko zerbitzua, eta soilik 12 herritan ezingo dute zerbitzua kontratatu. Dena den, 2019-2020 planean herri horietara ere konexioa iristea aurreikusten dute administrazioek. Arabako industrialdeen kasuan, berriz, %80k aukera izango du zerbitzua kontratatzeko abendua baino lehen.

2016-2018 urteen artean Eusko Jaurlaritzak eta hiru foru aldundiek ia hamar milioi euro inbertitu dituzte enpresen azpiegitura digitala hobetzeko. Horren bidez, EAEko 5.250 enpresei zerbitzu berria eskaini zaie. Halaber, beste hamar milioi euro gehiago inbertitu dira erkidegoko 715 etxebizitzetan konexioa izateko. 

Banda zabalaren hedapena kontsultatzeko webgune berri bat martxan jarri du Eusko Jaurlaritzak, eta horretan herriz herri agertzen dira epeak eta proiektuak: euskadibandazabala.eus

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide