2019/2020 ikasturtean egingo dituzten ekimenak prestatzen buru-belarri dabiltza GEU elkarteko kideak. Azkarrenak GEUrekin Mendira ekimenaz arduratzen direnak izan dira, mota guztietako aldapei ekiteko orduan sasoian dauden adierazle. Orotara 11 txango prestatu dituzte denboraldi honetarako. Horietatik gehienak egun osokoak izango dira, baina goiz batean egiteko bi ibilaldi ere prestatu dituzte.
Ohiturari jarraituz, Zaldiaran mendira joateko baliatuko dute Gabon zahar eguneko goiza; martxoaren 15ean, berriz, Badaiako mendilerrora abiatuko dira. Dena ondo bidean, Pititurri mendira igoko dira, Kuartangoko bailara osoa euren begiradapean izateko.
Gainerako ibilaldi guztiak, berriz, egun osokoak izango dira, eta Hego Euskal Herriko mendiak laguntza onean eta euskaraz gozatzeko aukera emango dute. Hala, lehen hitzordua igande honetan jarri dute, hilaren 15ean, hain zuzen: Arantzazura joango dira, eta santutegian hasita Aloña mendilerroa egingo dute, Aizkorri Aratz natura parkeaz gozatzeko.
Azken egunerako utzi dute ibilaldirik luzeena, uda giroan egiteko aproposa, eta desnibel gutxikoa. Ekainaren 21ean egingo dute, hain justu, Gernika eta Bermeo arteko ibilbidea. GEU Elkarteak gogorarazi du hilean behin egiten den mendi-talde hau euskaldun orori zabalik dagoela, eta ez dela ezinbestekoa aldez aurretik izena ematea. Txangoaren egunean Mendizorrotzeko aparkalekura azaltzea besterik ez dago, Beti Jai frontoiaren aurrean, 08:30ean. Bertaratzen diren lagunen artean moldatzen dira autoak antolatzeko eta gasolina ordaintzeko. Mendian ibiltzeko federatua egotea gomendatzen dute, ezbeharren bat izatekotan behar-bezalako estaldura edukitzeko.